Koronabirusa
Urkullu: "Kontua ez da asteak salbatzea, bizitzak salbatzea baizik"
E. L. | EiTB Media
"Udan pentsatzea", eskatu du lehendakariak. Zentzu horretan, udan eta Eguberrietan bizi izandakoa, "ikasitako lezioa" izan behar dela ohartarazi du.
Your browser doesn’t support HTML5 video
“Kontua ez da asteak salbatzea, bizitzak salbatzea baizik”, adierazi du Iñigo Urkullu lehendakariak. Horregatik, iragan udan eta Gabonetan “ikasitako lezioen” ondoren, “ez da Aste Santuan pentsatu behar", erantsi duenez.
Gotzone Sagardui Osasun sailburuarekin batera agerraldia egin du Urkulluk arratsaldean, LABIren akordioen berri emateko.
Aste Santuan pentsatzen ari diren herritarrei eman beharreko mezuaz galdetu diotenean, “udan pentsatzea”, erantzun du Urkulluk. “Ez datza asteak salbatzean, bizitzak salbatzean baizik”, azpimarratu du.
Zentzu horretan, udan eta Eguberrietan bizi izandakoa, “ikasitako lezioa” izan behar dela ohartarazi du. “Deseskalatze prozesuan gehiegizko erlaxazioa izan zenaz ikasi dugu, nahiz eta itxialdi baten ostean logikoa izan”, ziurtatu du.
Era berean, iragan abuztuan etxeratzeko agindua inposatzeko aukera planteatu zuela eta Eusko Jaurlaritza Gabonetan “neurri murriztaileagoak” ezartzearen aldekoa zela gogorarazi du, baina “adostasuna bilatzeko” jarrera aldatu zuten.
“Ikasitako lezioen arabera, hobekuntza prozesu patxadatsu baten eskutik eta pixkanaka lortuko da”, esan du. Horregatik, “ez da Aste Santuan pentsatu behar, bizitzak salbatzean baizik”, gaineratu du.
"Urtebete geroago, osasun-krisiak bere horretan jarraitzen du, eta ondorioak pairatzen jarraitzen dugu bizitzaren arlo guztietan eta mundu osoan. Egoerak larria izaten jarraitzen du, baina ateratako lezioek eta abian jarritako erantzunek aukera ematen digute etorkizunari ikuspegi positiboagoarekin aurre egiteko", adierazi du Iñigo Urkullu lehendakariak Euskadiko Babes Zibileko Planaren (LABI) aholku batzordea bildu ondoren.
Urtebete da SARS-CoV-2ak eragindako pandemiaren aurkako borroka hasi zela. "Mundu osoan bizi izan dugu egoera berri eta ezezagun hau, eta inoiz imajinatuko ez genukeen eragina izan du bizitza sozialean", onartu du lehendakariak.
Urtebete igaro ondoren, pandemiaren biktimak izan ditu gogoan Urkulluk lehenik. Euskadin 3.800 pertsona hil dira. Irailaren 21etik, oroigarri- eta omenaldi-gune bat dute: Sempervirens parkea, Gasteizen.
"Ikuspegi autokritiko eta zintzo batetik, esan beharra dago zailtasun eta aurreikusezintasun handiko egoerei aurre egin behar izan diegula, horretarako prestaturik ez egon arren", erantsi du lehendakariak.
Txertaketari dagokionez, 2020ko abenduaren 27an eman zen lehen txertoa Euskadin, gogorarazi duenez. "Datozen hilabeteetan eskuragarri egongo diren txertoen egutegiaren eta kopuruaren inguruan segurtasunik eza dago, eta horrek eragotzi egiten du plangintza bermeekin egitea", onartu du. "Horren ondorioz, txertoen benetako eskasia egon da, gizarteak txertoen eskuragarritasun handiagoa espero zuen bitartean", deitoratu du.
"Egoera kritiko" horren aurrean, hainbat agertoki dituen txertaketa-plan bat ezarri behar izan dute, "etengabe egokitzen dena farmazia-enpresen eta Europar Batasunaren erabakiek eragindako gorabeheeretara eta ustekabeetara", gaineratu duenez.
Goizean ere, Eusko Legebiltzarreko kontrol saioan, covid-19aren pandemiaren 12 hilabeteetan zehar krisiari aurre egiteko kudeaketa-arazoak izan direla onartu du lehendakariak, baina Eusko Jaurlaritzak "erantzun" egin du.
Senideren bat galdu edo ospitaleratze luzeak pairatu dituzten pertsonei elkartasuna eta enpatia azaldu die Urkulluk. Birus ezezagun eta "oso larri" baten aurkako borroka etengabea izan dela azpimarratu du EAEko buruzagiak.
"12 hilabete hauetan arazo ezezagunei aurre egin behar izan diegu, eta lana etengabea izan da", nabarmendu du.
Zailtasun bakoitzaren aurrean, erakundeek konponbide bat eman behar izan dute, erantsi duenez. "Arazoak izan ditugu, guztiek bezala, eta izango ditugu, baina erantzun egin dugu", azpimarratu du.
Arazoen zenbait adibide jarri ditu agintariak, besteak beste, osasun-materiala. Martxoan eta apirilean norbera babesteko ekipamenduak, arnasgailuak, maskarak eta probak egiteko gaitasuna eskasa zen, baina Osakidetzak bere baliabideekin erantzun zuen, hondamendia saihestuz, nabarmendu duenez.
Hezkuntzan, ikasturte honetan aurrez aurreko eskolak bermatu dituzte, eta ekonomia eta enplegua astindu dituen krisiari aurre egiteko pizgarriak eta baliabideak bideratu dituzte, gogorarazi duenez.