Itxi

Presoak

Presoen hurbiltzeak gauzatzea eta lekualdatzeen erritmoa arintzea eskatu du Etxeratek

EiTB MEDIA | AGENTZIAK

Leer en Castellano

Ohar batean salatu du senitartekoek bizi duten "ziurgabetasun" eta "larritasun" egoera "jasangaitza" dela, 40 presotik gora Euskal Herriko edo gertuko espetxeetara gerturatzeko zain baitaude.

Zaballako espetxea. Argazkia: Radio Vitoria

Etxerat elkarteak astearte honetan ziurtatu du "presoen hurbiltzeak gauzatzeaz gain, lekualdatzeen erritmoa handitzeko garaia" ere badela.

Ohar baten bidez egin du hausnarketa hori, zeinean salatu duen senitartekoek bizi duten "ziurgabetasun" eta "larritasun" egoera "jasangaitza" dela, 40 presotik gora Euskal Herriko edo gertuko espetxeetara gerturatzeko zain baitaude. "Hurbiltze horietako batzuk duela hiruzpalau hilabete iragarri zituzten", azaldu dute.

"Guztira, 48 familia dira", erantsi dute ohar horretan. "Pertsona horiek guztiek seme-alabak bisitatzeko itxaropena berreskuratu zuten", adierazi dute.

Besteak beste, Maite Pedrosa presoaren egoeraz ohartarazi du Etxeratek. "Alcalako espetxean dago, ez atzera ez aurrera, nahiz eta Zueran egon beharko lukeen, bertara lekualdatuko zutela hitzeman baitzuten agintariek. Mikel Azurmendi haren bikotekidea, aldiz, Zueran dago dagoeneko. Egoera horrek bisitak zailtzen dizkio haien alaba adingabeari", erantsi dute.

Eider Perezen kasuaz ere hitz egin dute oharrean. Abenduaz geroztik, Alcalan dago preso, eta oraindik ez dakite noiz helduko den Zuerara, Jon Igor Solana haren bikotekidea dagoen kartzelara. "Algecirasen zeuden biak, eta alaba adingabea dute haiek ere", zehaztu du Etxeratek. Horregatik, lekualdatzeak lehenbailehen gauzatzea eskatu du, "espetxeen mapa berria ahal bezain pronto errealitate bihur dadin".

Covid-19aren pandemiak presoengan izan duen eraginari buruz esan dute beharrezkoa dela osasun neurriak hartzea; hala nola, txertaketa plan bat abiatzea.

Albisteak (2)