Itxi

Biktimak

Urkullu: "Biktimak subjektu aktiboak zarete bizikidetzaren eraikuntzan"

EITB MEDIA | AGENTZIAK

Leer en Castellano

Lehendakariak Terrorismoaren Biktimen Partaidetzarako Euskal Kontseiluaren lana baloratu du, bizikidetza eta ezberdinen arteko topaketa bilatu nahi dituela azpimarratuta.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Iñigo Urkullu lehendakariak adierazi du terrorismoaren eta giza-eskubideen urraketaren biktima guztiek egia jakiteko eskubide osoa dutela, salbuespenik gabe, eta berretsi egin du ezinbestekoa dela biktimagileek "eragindako mina injustua" izan zela aitortzea.

Terrorismoaren Biktimen Partaidetzarako Euskal Kontseiluak biktimen aitortzan eta errekonozimenduan urratsak ematen segitzeko dokumentu bat landu du eta gaur goizean helarazi diote Urkulluri, Lehendakaritzan egindako ekitaldi batean.

Bihar, Terrorismoaren Biktimen Europako Eguna ospatzen dela eta, Urkulluk adierazpen instituzionala egin du aipatu kontseiluko kideekin bildu ostean.

Lehendakariak esker ona adierazi die foro horretan parte hartzen duten elkarteei, hiru urtetan "lan handia, isila eta eraginkorra" egin dutela iritzita.

"Txosten hori ez da egun batetik bestera egin. Hiru urte luzeez egindako hausnarketaren eta eztabaidaren ondorioa da. Eta biktimei zuzendutako politika publikoak hobetzen lagunduko digu", erantsi du.

Urkulluk azpimarratu du terrorismoaren biktimek bizikidetza eta adiskidetasuna lortzeko "beste behin borondate eraikitzailea" erakutsi dutela.

"Borondate hori jasandako sufrimenduaren ondorioa da. Hau ez zen inoiz gertatu behar eta ezin da berriro gertatu", adierazi du.

"Biktimak bizikidetza eraikitzeko subjektu aktiboak zarete. Ez zarete iragana, oraina eta etorkizuna ere bazarete", gaineratu du.

Biktima guztien aitortza

Bestalde, lehendakariak biktima guztiak izan ditu gogoan. ETAk hainbat hamarkadatan erabilitako indarkeria "bizitzaren aurkako erasorik larriena" izan dela esan du.  

Halaber, GAL, BVE edo GAE bezalako erakunde terroristek eragindako biktimak ekarri ditu gogora, eta talde horien atentatuak ez zirela ikertu ere egin kritikatu.

Ildo berean, "nazioarteko terrorismo mota berriek" eragindako biktimak ere aipatu ditu, baita giza-eskubideen urraketak jasan dituztena pertsona guztiak ere.

"Biktima guztiek, maila berean jarri gabe, salbuespenik gabe, egia jakiteko eskubide osoa dute. Biktima guztiek behar dute memoria, aitortza, erreparazioa eta justizia", nabarmendu du.

 

 

Albisteak (1)

Bideoak (1)