BIGARREN BILERA SORTA
Urkullu PP+Cs-rekin bakarrik bilduko da, Voxek bilerara ez joatea erabaki ostean
N. B. | EITB MEDIA
Voxen ustez, alderdi politikoen arteko harremanaren inguruabarrek baldintzatu egiten dute lehendakariarekin harreman instituzionala izateko aukera, eta baztertu egiten dute.
Iñigo Urkullu lehendakariak bigarren bilera sorta hasiko du gaur, martxoak 16, Eusko Legebiltzarreko alderdiekin. Carlos Iturgaiz PP+Cs taldeko presidentearekin bilduko da gaur, covid-19ak markatutako legealdi batean "akordioak lortzeko aukerak aztertzen" jarraitzeko. Vox alderdiak gonbidapenari uko egin dio, eta ez da bilerara joango.
Lehendakariak ostiralean egindako gonbidapena eskertu ondoren, Voxek gaur goizerako deitutako bilerara ez joatea erabaki du. Atzo gauean jakinarazi zion lehendakariari bere erabakia. Voxen ustez, alderdi politikoen arteko harremanaren inguruabarrek baldintzatu egiten dute lehendakariarekin harreman instituzionala izateko aukera, eta baztertu egiten dute.
Asteazkenean, EH Bilduko eta Elkarrekin Podemos-IUko ordezkariekin bilduko da, Ajuria Enea Jauregian.
Harreman horiek Urkulluk lau hilean behin euskal alderdietako ordezkariekin biltzeko hartu zuen konpromisoaren barruan kokatzen dira. Lehenengo bilerak iazko azaroaren 2an eta 5ean egin zituen.
Lehen txanda horretan, lehendakariak dokumentu bat eman zien alderdi guztiei, EAJ eta PSE-EE alderdiek osatzen duten gobernuaren programa eta alderdi bakoitzak joan den uztailaren 12ko hauteskunde autonomikoetan aurkeztu zuenaren arteko balizko akordioak jasotzen zituena.