BILERA-SORTA
EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek elkarrizketa gehiago eskatu diote lehendakariari
EITB MEDIA
Maddalen Iriartek Europako funtsen kudeaketan laguntzeko eskaintza egin dio lehendakariari, eta horrek "itun berriak" eta akordio zabalagoak hitzeman dizkio.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Maddalen Iriarte EH Bilduren Legebiltzarreko bozeramaileak gobernatzeko era aldatzeak eta "atzera egiteak eta elkarrizketak" duten garrantzia helarazi dio Iñigo Urkullu lehendakariari, Eusko Jaurlaritzan dauden EAJk eta PSE-EEk Legebiltzarrean duten gehiengo osoa "ezin delako izan bere atzean ezkutatzeko eta autokritika saihesteko tresna bat".
Iriartek mezu hori helarazi dio Urkulluri Gasteizen egindako batzarrean, lehendakariak Eusko Legebiltzarreko oposizioko alderdiekin egin duen bilera-sortaren itxieran.
Bileraren osteko prentsaurrekoan Iriartek azaldu duenez, biak agertu dira "kezkatuta" pandemia EAEn izaten ari den joerarekin, duela egun batzuetatik intzidentzia gora egiten ari delako.
Horren harira, buruzagi abertzaleak esan du "premiazkoa" dela txertaketa kanpainaren erritmoa bizkortzea, "ahal den txerto gehien" ematea. "Txerto gutxien ematen duen autonomia erkidegoa gara, eta hori ez zaigu normala iruditzen", adierazi du Iriartek, Osakidetzak 63.000 dosi gordeta edukitzea "ulertzeko zaila" dela gaineratu aurretik.
Pandemiaren ondorio sozioekonomikoengatik ere kezkatuta agertu da Iriarte. Horren harira, azpimarratu du azken hilabeteotan lan merkatuak eta egoera ekonomikoak okerrera egin dutela, eta pandemiaren hasieran baino "okerrago" daudela.
Maddalen Iriartek lehendakariari eskatu dio Eusko Jaurlaritzak "dituen baliabide guztiak" martxan jartzea pandemiaren eragina txikitzeko, orain arte "egin ez duelako". Hori horrela, iaz covid-19ari aurre egiteko iragarritako 510 milioi euroetatik 62 milioi erabili gabe daudela gogorarazi du.
Europar Batasunak susperraldi ekonomikorako banatuko dituen funtsen harira, EH Bilduren proposamena jarri dio mahai gainean, eta arlo horretan lankidetzarako prestutasuna agertu dio, Espainiako Estatuan dagoen "nahasmen orokorra" dela eta.
Dena dela, horretarako lehendakariak "gobernatzeko eredua aldatu" beharko lukeela salatu du, azken lau hilabeteetan, lehenengo bilera-sorta egin zuenetik, "behin ere ez" delako berekin elkartu.
Proposamenak negoziatzeko deia
Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemos-IUren Eusko Legebiltzarreko bozeramaileak eskakizun zehatza egin dio gaur Iñigo Urkullu lehendakariari, azken horrek talde parlamentarioekin egin dituen bileren baitan. Elkarrekin Podemos-IUk egiten dituen proposamenak "negoziatzeko eta horiei bide emateko" eskatu dio.
Elkarrekin Podemos-IUko buruzagiak azaldu duenez, "itxaropentsu" atera da ordubete inguruko batzarretik, balorazioa "kontu handiz" egiten badu ere.
Gorrotxategiren hitzetan, bere taldeak "oposizio arduratsua" egin nahi du, baina horrek ez du esan nahi inoren menpe egongo direnik. "Guk proposamen propioak ditugu, egin egiten ditugu, baina negoziatzeko jartzen ditugu mahai gainean", erantsi du.
"Egia bada gobernuak gehiengo osoa duela, baina horrek ez du esan nahi elkarlanik egon ezin denik, negoziatu ezin denik", adierazi du.
Gogorarazi duenez, Legebiltzarrean izapidetzen ari diren zazpi lege-proiektuetatik bakarrarekin izan dute "hartu-emana". Bere taldeak pandemiaren inguruan egindako proposamenen harira, Gorrotxategik esan du Jaurlaritzak ez duela bakar bat ere onartu.
Azkenik, koalizio morearen bozeramaileak azaldu du "kritika" egin diola txertaketa kanpainaren kontura. Gorrotxategiren aburuz, "kanpaina kaotikoa izaten ari da, eta gardentasun eta informazio falta dago".
"Itun berriak"
Bestalde, lehendakariak "itun berriak" egiteko eta akordioak zabaltzeko asmoa helarazi die oposizioko alderdiei, EAJk eta PSE-EEk osatzen duten gehiengo osotik harago, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak jakinarazi duenez.
Komunikabideen aurrean egindako agerraldi batean, Zupiriak aste honetan EH Bildurekin, Elkarrkein Podemos-IUrekin eta PP+Cs-ekin izandako bileren balantzea egin du.
Zupiriak azaldu du legegintzaldiak bete dituen sei hilabeteetan Jaurlaritza osatzen duten alderdiek ez legezko 26 proposamenetan lortu dutela adostasuna oposizioarekin, denbora tarte horretan onartu diren ekimen horien "ia erdia".
Gehiengo osoa duen arren, Zupiriak aitortu du Jaurlaritzaren "betebeharra" dela ahal duen alderdi guztiekin adostasuna lortzea, "osasun krisiari" eta "ondorio ekonomikoei" aurre egiteko bereziki.
Alderdi Popularra ere, kritiko
Lehendakariak atzo, asteartea, hasi zituen Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdi guztiekin bilera-sortak. Batzar horien asmoa legegintzaldi berri honetako erronkei aurre egitea da, eta pandemiak eragindako krisi sanitario eta ekonomikoak garrantzia berezia izango dute.
Voxek bilerara ez joatea erabaki ostean, Urkullu Carlos Iturgaiz Euskadiko PPko presidentea eta PP+Cs-ren legebiltzarkidearekin bildu zen Ajuria Enean. Iturgaizek Jaurlaritzak duen gehiengo osoa etengabe inposatzea leporatu zion Iñigo Urkullu lehendakariari, eta bere taldearen jokabidea "oposizio eraikitzailea" egitea izango dela helarazi zion.
Bileraren ostean, Euskadiko Alderdi Popularreko presideteak agerraldia egin zuen, eta elkarrizketa "adeitsua" izan zela esan zuen. Hala ere, euskal herritarren benetako arazoei irtenbidea ematerako garaian Jaurlaritza "trabatuta" dagoela adierazi zion Urkulluri.
Iñigo Urkullu lehendakariak, bigarren bilera-sortarekin, oposizioarekin dituen zubiak indartu nahi ditu, Legebiltzarrean dauden alderdietako buruzagi politikoekin "harreman diskretua eta konfiantzazkoa" izateko.