Itxi

Presoak

Gurasoak kartzelan dituzten haur motxiladunentzat "gizatasuna" eskatu dute

M. D. | EITB Media

Leer en Castellano

80 bat haurrek gurasoren bat ehunka kilometrotara dute espetxeratuta. Euskal Herrira ekartzea eta familientzako moduluak eraikitzea eskatu dute hainbat herritan egindako ekitaldietan.

Porrotx pailazoak Bilboko ekitaldian parte hartu du. EITB Mediaren bideo bateko irudia

Haur motxiladunen egoera salatzeko ekimenak egin ditu Sarek Euskal Herriko udalerri ugaritan. Nagusiena Bilboko Euskalduna Jauregian egin dute. Guraso bat edo biak ETAko kidea leporatuta espetxean dituzten haurrak dira motxiladunak.

Euskal Herrian 80 haur motxiladun baino gehiago daude gaur egun. Askok bidaia luzeak egin behar izaten dituzte gurasoak bisitatzeko. Covid-19aren pandemiak egoera hori zaildu du, gainera.

Sarek Bilboko ekitaldian salatu duenez, ume horien egoerarekin amaitzea borondate politiko hutsa da, eta oraingoz egin diren urratsak ez dira nahikoak izan salbuespen politika "ulergaitzarekin" amaitzeko.

Irati, Bea Etxebarria eta Iñigo Zapirain presoen alaba, haur motxiladun horietako bat da. Martxoaren 8an 3 urte bete zituen, eta Aranjuezko kartzela utzita, Bilbora itzuli behar izan zuen, bere gurasoengandik ehunka kilometrora.

Estizen Artola Irati Gurasoekin Euskal Herrira elkarteko kideak "euskal presoak Euskal Herrira ekartzeko" aldarrikapena berresi du, "umeek ez dezaten errepideak daukan arriskua euren gainean hartu behar izan". Gainera, Euskal Herriko espetxeetan familientzako moduluak eraikitzea eta presoen gradu progresioa martxan jartzea eskatu du, "gurasoek baimenak lor ditzaten elkarrekin bizi ahal izateko".

Horregatik, Bilbon eta beste udalerrietan bildutakoek legea errespetatzea eta haur motxiladunentzat "gizatasuna" eskatu dute.

Albisteak (3)