Itxi

EPAIKETA

Rajoyk eta Aznarrek deklaratuko dute aste honetan PPren B kutxari buruzko epaiketan

EITB MEDIA | AGENTZIAK

Leer en Castellano

Hala ere, bideokonferentzia bidez deklaratuko dute. Luis Barcenas PPko diruzain ohiak epaiketan adierazitakoaren arabera, PPko hainbat buruzagik gainsoldatak jaso zituzten.

Mariano Rajoy Espainiako presidente ohia, Auzitegi Nazionalean. Artxiboko argazkia: EFE

Aste honetan abiatuko dute berriro PPren B kutxari buruzko epaiketa Auzitegi Nazionalean. Oraingo honetan, PPren Genovako erreforma diru beltzarekin ordaindu ote zen ari dira epaitzen. Jose Maria Aznar eta Mariano Rajoy Espainiako gobernuburu ohiek eta Maria Dolores de Cospedal PPko idazkari nagusiak lekuko gisa deklaratu beharko dute datozen egunetan, alderdiko beste buruzagi ohi batzuekin batera.

Hala ere, ez dute aurrez aurre Luis Barcenas PPko diruzain ohia ikusi beharko. Izan ere, auzia daraman epaileak bideokonferentziaz deklaratzeko baimena eman die.

Egutegia

Martxoaren 23an ekingo diote berriro ahozko epaiketari. Besteak beste, hauek deklaratuko dute: Jaime Ignacio del Burgok, Pio Garcia Escuderok eta Maria Dolores de Cospedalek, Javier Arenas eta Francisco Alvarez Cascos Aznarren garaiko Gobernuko kide ohiek, Jaume Matas Balear Uharteetako presidente ohiak, Eugenio Nasarre diputatu ohiak eta Pedro J. Ramirez kazetariak.

Martxoaren 24an Jose Maria Aznar eta Mariano Rajoy gobernuburu ohien eta Jose Maria Michavila Justizia ministro ohiaren txanda izango da.

Horiez gain, egun horretarako deitu dituzte Carlos Cuevas Villoslada senatari ohia, Ana Elvira Martinez Errioxako PPko gerente ohia, Claudio Montero Santos arkitektoa eta Noelia Fernandez Muñoz Unificako langile ohia.

Martxoaren 25ean egingo dute agerraldia Rodrigo Rato eta Federico Trillo ministro ohiek, Javier Moreno Barber El País egunkariko zuzendariak, Carlos Mantilla Rodriguez diputatu ohiak, Jaime Colomar Porcel Galiziako PPko Antolakuntza idazkari ohiak, Pablo Crespo Gürtel sareko bigarrenak, Alfonso Garcia Pozuelo enpresariak eta Juan Miguel OHLko presidente ohiak.

PPko hainbat kidek gainsoldatak jaso zituztela adierazi zuen Luis Barcenasek auzipetu gisa epaimahaiaren aurrean egin zuen deklarazioan. Diruzain ohiaren hitz horiek tarteko, lekuko horien testigantzak ikusmina piztu du. Izan ere, Rajoy, Cospedal, Arenas, Alvarez Cascos, Acebes, Trillo, Rato, Garcia-Escudero eta Del Burgo B kutxako dirua jaso zutenen zerrendan sartu zituen Barcenasek.

Aznarren lehen aldia eta Rajoyren bigarrena

Aznarrek Auzitegi Nazionalean agerraldia egingo duen lehen aldia izango da. PPren ustezko legez kanpoko finantzazioari buruzko Kongresuko batzordean esan zuen bere alderdian ez zegoela B kutxarik. Halaber, ukatu egin zuen alderdiko presidente izan zen bitartean (1990 eta 2004 artean) buruzagiei "legez kanpoko" gainsoldatak emateko agindua eman zuela.

Rajoyren kasuan, Auzitegi Nazionaleko epaimahai baten aurrean agertuko den bigarren aldia izango da. Aurrez, Gurtel sarearen lehen urteei buruzko epaiketan parte hartu zuen. Orduko hartan, oraindik ere Espainiako gobernuburu zela, esan zuen "inoiz" ez zuela PPren B kutxaren berririk izan. Hala ere, Auzitegi Nazionaleko epaileak zalantzan jarri zuen bere testigantzaren sinesgarritasuna, eta PPk B kutxa izan zuela ondorioztatu zuen.

Albisteak (3)