Presoak
ETAko hiru preso Euskal Herriratuko eta beste hiru hurbilduko dituzte
EITB Media | Agentziak
Jose Maria Dorronsoro, Idoia Mendizabal eta Jon Gonzalez Iruñera eramango dituzte, eta Hendi Parot Cadizetik Leonera aldatuko dute. Lorenzo Ayestaran eta Celarain ere hurbilduko dituzte.
Espainiako Espetxe Erakundeetako Idazkaritza Nagusiak ETAko hiru preso Iruñeko kartzelara lekualdatuko ditu, eta beste hiru Euskal Herritik gertuagoko espetxeetara eramango ditu. Sei hurbilketen artean, urrunen daudenak Jose Maria Dorronsoro eta Henri Parot dira, Cadizen, 1000 kilometrora. Iruñera eta Leonera aldatuko dituzte, hurrenez hurren.
Dorronsoroz gain, Idoia Mendizabal eta Jon Gonzalez ere Iruñera aldatuko dituzte, Valentziatik. Bikotea dira eta hiru urteko seme bat dute.
Jose Lorenzo Ayestaran Legorburuk, bestalde, Alacanteko kartzela utzi eta Soriako kartzelan beteko du zigorra. Kartzela berara Castellotik Oscar Celarain Ortiz ere helduko da.
Espetxeetako Idazkaritza Nagusiaren komunikatuaren arabera, Henri Parotek legea onartu du, eta bigarren gradura igaro da. 2020ko otsailean zigorraren hiru laurdenak bete zituen.
Parotek bezala, Cadizko kartzela utziko du Jose Maria Dorronsorok. 2001etik dago preso. 30 urteko zigorra betetzen ari da eta 2023an hiru laurdenak beteta izango ditu. Espetxeetako Idazkaritza Nagusiaren arabera, Dorronsorok idatzi bat helarazi du indarkeria arbuiatuz eta "eragindako kalteagatik sentikor" azalduz.
Mendizabal eta Gonzalezi dagokienez, Valentziatik Iruñera lekualdatuko dituzte. Idoia Mendizabalek 25 urteko kartzela zigorraren hiru laurdenak 2030eko abuztuan beteko ditu.
Besteak beste, 2002an Eduardo Madina gazte sozialisten buru ohiaren kontrako eta Maria Luisa Guerrero Antela 3eko ordezkariaren kontrako atentatuetan parte hartzea leporatu zizkioten.
Jon Gonzalez, Mendizabalen bikotea, 2011n espetxeratu zuten, eta 25 urteko zigorra betetzen ari da. Hiru laurdenak 2030eko abenduan beteko ditu. Besteak beste, 2002an Portugaleteko (Bizkaia) PSEren alkateorde Esther Cabezudo hiltzen saiatzeagatik zigortu zuten.
Jose Lorenzo Ayestaran Legorbururi 27 urteko kartzela zigorra jarri zioten 1980an Eugenio Lazaro Valle Gasteizko Udaltzaingoaren burua hiltzeagatik. 30 urteko kartzela zigor metatua betetzen ari da eta ez ditu hiru laurdenak beteta izango 2037ra arte.
Azken hurbilketa Oscar Celarain Ortizena da. 50 urteko kartzela zigorra jarri zioten, ETAko beste kideekin batera UPNko zinegotzi Jose Javier Mugica hiltzeagatik, Leitzan (Nafarroa), besteak beste.
AVTren salaketa
Terrorismoaren Biktimen Elkarteak (AVT) salatu duenez, sei presoen artean 45 hilketa egin dituzte. Horietatik, 39 Henri Parotekin lotzen dira.