Presoak
Espetxeen transferentziak presoak Euskal Herriratzea erraztea espero du Sarek
EITB Media | Agentziak
Joseba Azkarraga bozeramaileak Eusko Jaurlaritzari eskatu dio ETAko presoen eta besteen artean alderik ez egiteko, "ez onerako ezta txarrerako ere".
Presoen eskubideen aldeko Sare Herritarrak V. batzarra egin du Donostian. Bertan Joseba Azkarraga bozeramaileak esan duenez, Espetxeak Euskal Autonomia Erkidegora eskualdatzea "lehenbailehen" egitea espero dute, eta horrek oraindik kartzela urrunetan dauden presoak Euskal Herriko espetxeetara hurbiltzea "erraztea".
Sarerentzat "egokia" da Jaime Tapia epailea izendatzea euskal espetxeetako eredua definitzeko, eta Eusko Jaurlaritzari eskatu dio ETAko presoen eta besteen artean alderik ez egiteko, "ez onerako ezta txarrerako ere".
Azkarragak esan duenez, "mobilizazioak" eta "maila politikoan eta sindikalean lortutako akordioak" presoen egoeran "aurrerapen bat" izan direla. "Maiatza edo ekainerako Andaluziako eta Levanteko kartzela urrunetan" euskal presorik ez izateko itxaropena du Sarek.
Zentzu horretan, 2020ko otsailean presoen % 80 Andaluziako, Levanteko eta Galiziako espetxeetan zeuden, eta orain % 19 dira.
Azkarragak esan duenez, Sareren 2021erako helburua da presoak Euskal Herriko kartzeletan egotea. Momentu honetan, % 14 besterik ez dago.
Graduei dagokienez, Sarek azaldu du hamaika daudela hirugarren graduan. Kopuru hori "barregarria" da, preso orokorren % 85ek gradu progresioa lortzen baitu. Gainera, "ez dute zigor osoa betetzen, baizik eta hiru laurdenak".