Itxi

Inbestidura-eztabaida

Rajoyk pentsioak eguneratu eta aurretiko erretiroak kenduko ditu

Erredakzioa

Mariano Rajoyk 16.500 milioi euro murriztu nahi du defizita, pentsioak eguneratuko ditu, aurretiko erretiroa kenduko du eta funtzionarioen bajak ez dira ordezkatuko.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Mariano Rajoyk iragarri du datorren urtean 16.500 milioi murriztuko duela defizit publikoa, Estatuko diru-sarrerak eta gastuak orekatzeko eta, ondorioz, Barne Produktu Gordinaren defizita % 4,4n ezartzeko.

Horrez gain, sektore publikoaren erreforma bideratuko duela jakinarazi du, eta, ildo horretan, zerbitzu publikoetako langile-kopurua handituko ez duela azaldu du. Horrenbestez, Estatuko segurtasun indarretan eta Oinarrizko Zerbitzu Publikoan izan ezik, bajak ez dira ordezkatuko.

Alderdi Popularreko buruzagiak nabermendu duenez, Gobernu berriaren helburu nagusia langabeziari aurre egitea izango da eta horretarako "ahalegin guztia" egingo dute. Espainiaren norabidea zuzendu nahi bada, egun lanik gabe dauden milioika espainiarrek enplegua izatea ezinbestekotzat jo du, eta horretarako neurriak hartuko dituela adierazi du. Hala ere, Rajoyk esan du Espainiak "erreforma handiak" behar dituela, defizita murriztu eta enplegua sortzeaz gain.

Datorren urtarrilaren 1etik aurrera pentsioak eguneratzeko konpromisoa hartu du, PSOEren Gobernuak izoztuta izan ostean, eta hil horretan bertan aurkeztuko du Aurrekontuen Orekarako Legea, administrazio publikoen gehiegizko gastuak eta zorrak mugatzeko.  Era berean, aurretiko erretiroak kenduko ditu, "ezohiko kasu batzuetan izan ezik", iruzurrak ekiditeko.

Gobernuari dagokionez, Nekazaritza Ministerioa berreskuratuko duela jakinarazi du eta Europar Batasunean espainiar nekazarien interesak babesteko 'Estrategia Nazional bat' prestatuko dutela esan du.

2012ko lehen seihilekoan sistema finantzarioaren berregituratzea eramango du aurrera eta, horretarako, besteak beste, fusio gehiago egin beharko direla azaldu du. Etxebizitzaren kasuan, Rajoyk BEZa % 4n mantenduko duela esan du eta etxebizitza bat erosteko pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan kenketak egingo ditu.

Telebista publikoen ereduan "berehalako" erreforma bat egingo duela ere jakinarazi du, gastuak aurrezteko asmoz eta kudeatze-sistema berri bat ezartzeko helburuarekin.

Enpresen lehiakortasuna suspertzeko asmoz, zubiak kendu eta jaiegunak astelehenetara igaroko ditu, oso errotuta dauden jaiegunekin salbuespenak egingo dituzten arren.

Mariano Rajoyk batxilergoa hiru urtera luzatzea (egun bi urtekoa da) proposatuko du, unibertsitate ikasleen "trebakuntza" eta Espainiako "maila kulturala" hobetzeko helburuarekin. Derrigorrezko hezkuntza "hobetu" egin behar dutela nabarmendu du hurrengo presidenteak.

Hasierako hitzak, ETAren biktimak eta Amaiurren zazpigarren diputatua

Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidente izendatzeko saioa 12:03an hasi da. Agerraldia ETAren biktimei aipu eginez hasi du eta Alderdi Popularra beti alboan izango dutela azpimarratu du. Gainera, Kongresuan ordezkaritza duten indar politiko guztiekin "elkarrizketak izateko eta elkarlanean aritzeko" borondatea erakutsi du.  Behin-behineko Gobernuari "errespetua" agertu dio, "bereziki Jose Luis Rodriguez Zapaterori".   

Eztabaidari hasiera eman baino lehen, Sabino Cuadra Amaiurren Nafarroako diputatuak Konstituzioaren zina egin du, bere kargua hartzeko, "Legeak hala aginduta".  Joan den asteko saioan ez zen izan, Amaiurreko gainerako sei diputatuek talde propioa izateko saiakeran, Kongresuko araudia betetzeko.  Gaur Kongresuko Mahaiak berretsi egin du Amaiurrek ez duela talde propioa izango eta koalizio independentistak Auzitegi Konstituzionalera joko duela iragarri du.




Bideoak (1)

Informazio gehiago (1)

Informazio gehiago (1)