II ERREPUBLIKA - 90 URTE
Euskal alderdiek II. Errepublikako balore sozialei eusteko beharra aldarrikatu dute
EITB MEDIA
Euskal alderdi politiko nagusiek duela 90 urte II. Errepublika ezartzean aldarrikatu ziren balio sozial eta demokratikoak azpimarratu dituzte.
Your browser doesn’t support HTML5 video
II Errepublika aldarrikatu zela 90 urte bete diren egunean, euskal eszena politikoaren zati handi batek gertaera historiko haren garrantzia azpimarratu nahi izan du, eta errepublikanoek bere garaian borrokatu zituzten balio sozial eta politikoak defendatu dituzte.
Iñigo Urkullu lehendakariak sare sozialetan elkarbanatu duen adierazpen baten bitartez, Eusko Jaurlaritza osatzen duten alderdiek, Eusko Alderdi Jeltzaleak eta Euskadiko Alderdi Sozialista – Euskadiko Ezkerrak adierazi dute "Errepublikaren garaiko aurrerapenak ahalbideratu zituztenei eta diktadura garaian askatasunaren itxaropenari eusten jakin zuten pertsonei egin diezaiekegun omenaldirik zintzoena, eurek bultzatu eta babestu zituzten balio sozial eta demokratikoen alde lan egiten jarraitzea" dela . Horrez gainera, II. Errepublikaren 90. urteurrena eta 36ko Estatutuaren 85. urteurrena aintzat hartuz, Eusko Legebiltzarrean erabakiko diren ekimenekin bat egiteko borondatea" erakutsi dute.
EH Bilduko idazkari nagusi Arnaldo Otegik "errepubliken garaia" aldarrikatu du Eibarko Untzaga plazan. Gogoarazi du, duela 90 urte "herritar eta langile ikusezin haiek" plaza hura bera hartu zutela Estatu ereduan eta eredu sozialena erabateko aldaketa defendatzeko. Orduko eta gaur egungo egoerak konparatu ditu esanez, "orduan bezala gaur ere Borboi bat dagoela Estatuko buruzagitzan, eta orduan bezala gaur ere, gure nazioek aitorpenik eta onarpenik gabe" jarraitzen dutela. Horren haritik, adierazi du, "errepubliken garaia dela, euskal errepublikarena, errepublika katalanarena eta herri iberiar bakoitzarena".
Otegiren iritziz, "errepublikak ez dira Estatu eredu bat bakarrik, arazo sozialei eta nazionalei erantzun bat emateko modu bat dira", eta gogoratu du hori dela, hain zuzen ere, EH Bilduren proiektua, "aberastasunak banatuta egongo diren euskal errepublika bat, etxebizitza, osasuna, lana eta bizitza duin bat bermatuko dituena".
Faxistei zuzendu zaie esanez "duela 90 urte pasa zineten, baina 90 urteren buruan hemen jarraitzen dugu, itxaropen historiko berari eutsiz", eta euskal gizarteari zuzenduz gaineratu du "ezin ditugula gure banderak tolestu, ez berdintasunarena, ez askatasunarena, ez independentzia eta autodeterminazioarena, baina, batez ere, gaur, bandera antifaxista".
Bere aldetik, Eibarko PSE-EE alderdiak bandera errepublikarra jarri du gaur Herriko Etxean, duela 90 urte lehen bandera errepublikarra Eibarren igo zela gogoraraziz.
Ezker Anitza-IUk "herrialde justuago, demokratikoago eta anaikideago bat eraikitzen jarraitzeko apustu sendoa" berretsi du komunikatu batean, eta 'Errepublika Zerumuga' lelopean hainbat ekitaldi antolatu dituzte urteurrenari lotuta, horien artean esanguratsuena, igande goizean Eibarko Untzaga Plazan egingo dutena.
Ahal Dugu Podemosek dei egin die herritarren hura modu "aktibo eta kontzientean" aldarrikatzeko. Pilar Garrido buru duen taldeak gogorarazi du, manifestu batean, "orduko lezioak inoiz baino garrantzitsuagoak eta nabarmenagoak direla gaur egun, eskuin muturraren gorakadaren aurrean. Salatu dute, gainera faxismoaren aurka daudela dioten eragile batzuen ekidistantzia "arriskutsua" dela, faxismoa eta antifaxismoa parekatzea "irain bat da gure memoriarentzat, irain bat guztiontzako duintasunezko etorkizuna eraikitzeagatik bizitza eman zutenentzat", nabarmendu dute.
Taldeak ohartarazi du "garai hartako ideologia zaharkitua, baztertzailea eta kuarteletakoa oraindik ere erakundeetan adierazten" dela eta "eskuin noragabe eta erradikal batek ez ezik, ustez demokratikoak diren erakunde publikoek ere legitimatzen" dutela.
Ahal dugu Podemosek uste du Errepublika aldarrikatzeko modurik onena askatasunaren alde borrokatu zirenen "idealetan sakontzea eta justizia sozialaren helburuak gauzatzen saiatzea" dela, eta azpimarratu du, monarkiari egin dakizkiokeen kritikez haratago, orain premiazkoena "lana, osasuna, etxebizitza, hezkuntza eta baliabideetarako sarbidea mundu osorako berdintasun-baldintzetan bermatuko dituen eredu sozial bat defendatzea" dela.