Itxi

Inbestidura-eztabaida

Rajoyk ETAren amaierari buruz hitz egingo du EAJrekin

Erredakzioa

Josu Erkorekaren adierazpenei erantzunez, Mariano Rajoyk esan du ETAren amaierari buruzko erabakiak "legearen baitan" hartu behar direla, "zuhurtziaz" eta "zentzuz".

Your browser doesn’t support HTML5 video

Mariano Rajoyk gaurko saioan hitz egin du lehen aldiz ETAren indarkeriaren amaierari buruz modu zabalago batean, orain arte ETAk armak uzteko erabakia hartu izana "albiste ona" dela esatera mugatu baita.

Josu Erkorekak egindako adierazpenei erantzunez, "erabateko lasaitasuna ETAk bere desegitea iragartzen duenean" iritsiko dela azpimarratu du eta ETAk eragindako biktimak guztiak oroitu ditu.

Bakegintzari lotutako erabaki guztiak Legearen eta Zuzenbide Estatuaren baitan hartu behar direla berretsi du, eta "zuhurtziaz, denboraz eta zentzuz" jokatzeko deia egin du.

"Zuekin (EAJrekin) hitz egingo dugu, zuekin eta gainerako indar demokratiko guztiekin. Badakit zer den EAJ eta Espainiako Gobernuko presidente izan nahi duenari legalitateaz baino ezin zaio hitz egin. Beti Zuzenbide Estatua eta legeak errespetatuz jardungo dut. Gai hau behin betiko konpontzeko gai izango garela espero dut", azaldu du.

ETAk existitzen jarraitzen badu, "lasaitasun osorik" izango ez dela nabarmendu du. Alabaina, onartu du ETAk armak uzteko erabakia hartu izana "albiste ona" dela eta gogoratu iragarpena egin zenean hori adierazi zuela eta horregatik gogor kritikatu dutela.

Amaitzeko, ETAren indarkeriaren biktimak izan ditu gogoan. "Asko sofritu dute eta modu injustuan; inork ezin ditu biktimen eskubideak eta askatasunak urratu", esan du txalo zaparrada artean.





Albisteak (1)

Bideoak (2)

Informazio gehiago (1)