Itxi

Koronabirusa

Neurriak alarma egoerarik gabeko agertoki batera egokituko ditu Jaurlaritzak

M. D. | EITB Media

Leer en Castellano

"Bizi dugun ziurgabetasunaren aurrean, alternatiba ezin da ezereza izan", esan du lehendakariak. Iriartek EAEren "dependentzia sakona" nabarmendu du, eta "tresna burujabeak" eskatu ditu.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Iñigo Urkullu lehendakariak maiatzaren 10etik aurrera alarma egoera mantentzea eskatu dio berriro Espainiako Gobernuari. Izan ere, oraingo ziurgabetasunaren aurrean alternatiba "ezin da ezereza izan", eta beharrezkoa da neurriak mantentzeko garantia juridikoa.

Urkulluk oposizioaren galderei erantzun die Eusko Legebiltzarrean egin duten kontrolerako saioan. Atzo, Eusko Jaurlaritzak neurri murriztaileagoak hartzea alboratu zuen.

Gogorarazi duenez, LABIren batzorde teknikoari alarma egoeraren kobertura juridikorik gabeko agertoki batera egokitzeko neurriak prestatzeko eskatu dio. Urkulluk azaldu duenez, 1986ko osasun publikoko neurri berezien legea aldatu arte, beharrezkoa da alarma egoera mantentzea.

" Bizi dugun ziurgabetasunaren aurrean, alternatiba ezin da ezereza izan. Berme juridikoa eta operatiboa behar dugu", nabarmendu du. Neurriak hartzeko ahalmena mugatuta dagoela gogorarazi du Urkulluk, eta adibidetzat Jaurlaritzaren erabakiak bertan behera utzi dituzten erabaki judizialak dira.

Egoera "kezkagarriari" buruz, lehendakariak esan du erakutsi dela olatu berri bakoitzaren pikua aurrekoak baino baxuagoa izatea, eta horrek esan nahi duela hartzen diren neurriek "zuzeneko ondorio positiboak" dituztela.

Oposizioaren kritikak

Maddalen Iriarte EH Bilduren bozeramaileak Jaurlaritzaren "inprobisazioa" kritikatu du, eta gogorarazi du osasun krisia ondorio "larriak" izaten ari dela.

Gainera, Iriartek salatu du neurrien segurtasun juridikoa Diputatuen Kongresuak onartutako alarma egoera baten esku egitea Euskal Herriaren "dependentzia sakona" erakusten duela, modu "gordinean". Beraz, "tresna burujabeak" eskatu ditu erabakiak hartu ahal izateko.

PP+Cs taldeko Carlos Iturgaizek, bestalde, Eusko Jaurlaritza "blokeatuta" dagoela salatu du, eta "ez dakiela zer egin" osasun krisiaren aurrean. Madrilgo autonomia erkidegoa jarri du eredutzat.

Iturgaitzentzat, Pedro Sanchezen Gobernua Urkullu eta beste presidenteen alarma egoera mantentzeko eskaerez "trufatzen" ari da.

Voxeko parlamentari Amaia Martinezek esan duenez, lehendakariak alarma egoera luzatzea nahi du murrizketak "modu arbitrarioan eta ilunean" hartzen jarraitzeko.

Albisteak (4)

Bideoak (2)