Eskumena
Nafarroak maiatzaren 24an sinatuko du espetxeko osasunaren transferentzia
agentziak | eitb media
Bestalde, trafikoko transferentzia urteko bigarren seihilekoan sinatuko dute Nafarroako eta Espainiako gobernuek.
Nafarroako eta Espainiako gobernuek maiatzaren 24an sinatuko dute espetxeko osasunaren eskumenaren transferentzia, eta trafikoarena urteko bigarren seihilekoan iritsiko omen da.
Horixe erabaki dute Maria Chivite Nafarroako presidenteak eta Miquel Iceta Lurralde Politikako eta Funtzio Publikoko ministroak gaur Madrilen egindako bileran.
Batzarraren ostean, Foru Gobernuak ohar batean baieztatu du maiatzaren 24an Estatua eta Nafarroa batzorde mistoan elkartuko direla espetxeko osasunaren eskumenaren transferentzia sinatzeko.
Gainera, bigarren seihilekorako hitzartu dute trafikoaren eta errepideko segurtasunaren transferentzia, Nafarroako Gobernuak Estatuak emandako dokumentazio teknikoa jaso ostean.
Horren harira, Chivitek Iceta ministroari esan dio Foru Gobernua proposamen tekniko bat lantzen ari dela eta "pasarela" deritzona martxan jartzeko erabakia duela, Guardia Zibileko trafikoko langileak Foruzaingoan sartu ahal izateko.
Gainera, Chivitek eta Icetak langile publikoen behin behinekotasunaren arazoa konpontzeko konpromisoa agertu dute, eta irtenbide baten bila ari omen dira, "legea errespetatuz".