BILBO EUROKOPAKO EGOITZA
Urkulluk "kutsu politikoa" ikusten dio UEFAren erabakiari
O.P. | EITB MEDIA
Eusko Jaurlaritzak "xantaiatzat" jo du erabakia eta Bilboko Udalak egindako inbertsioa ordaintzeko eskatu du. EH Bilduk UEFAren "diru-gosea" salatu du, eta PPk EAJ egin du erantzule.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Iñigo Urkullu lehendakariaren ustez, Bilbo Eurokoparen egoitza ez izateko erabakia "iragarritako erabaki baten kronika" da, "kutsu politikoa" izan dezakeena, eta aurreratu du bere gobernua sinatutako kontratua aztertzen ari dela, bertan behera uzteagatik kalte-ordaina eskatu ala ez erabakitzeko.
Lehendakariak kazetarien galderei erantzunez egin ditu adierazpenok, Eusko Legebiltzarrera iritsi denean; UEFAren erabakia deitoratu du eta erabakia justifikatzeko arrazoiak ulertzen ez dituela esan du. "Oso arraroa da gertatu dena", esan du.
UEFAri eta Espainiako Futbol Federazioari gogorarazi die "erakundeak konprometitzen dituen" kontratu bat dagoela, eta ez duela ulertzen "UEFAk, Espainiako Federazioaren laguntzarekin, zer arrazoi izan ditzakeen orain erabaki hori hartzeko".
Gainera, Sevillak Bilbo Eurokoparen egoitza gisa ordezkatzeko aukeraren aurrean, adierazi du ez dakiela zein "berme" duten Sevillak edo estatuko beste edozein lekuk Bilboren aldean osasun-neurriak bete ahal izateko maiatza bukaera edo ekainean.
Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu eta Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak salatu duenez, "osasun-egoera alde batera utzita, publikoaren presentzia inposatu nahi izatea xantaia bat da" UEFAren eta Espainiako Futbol Federazioaren (RFEF) aldetik. Bere ustez, UEFAk "indarrean dauden kontratuetan jasota ez dagoen baldintza bat planteatu eta ezarri du, eta azken orduan egin du, pandemia baten eta kirol-instalazioetan publikoa sartzeko beharraren ondorioz", adierazi du.
Amaia Arregi Bilboko jarduneko alkateak salatu duenez, UEFAk "alde bakarretik" hautsi du Bizkaiko hiriburua Eurokoparen egoitzetako bat izateko kontratua, eta "zergatiak, baldintzak eta konpentsazioak" esan gabe egin du. Azaldu duenez, UEFArekin eta Espainiako Futbol Federazioarekin hitz egiten eta lan egiten jarraituko dute, "egindako inbertsioa ordaintzeko eta hiribilduaren ospean eragindako kaltea estaltzeko".
Jone Goirizelaia EH Bilduren Bilboko Udaleko bozeramailearen ustez, azken hilabeteotako gertakariek, "filtrazioekin, mehatxuekin, borroka eta ostikadekin", oso argi uzten dute UEFA eta Espainiako Futbol Federakundeari "dirua soilik axola" zaiela. Goirizelaiaren alderdikide Jasone Agirre legebiltzarkideak azpimarratu duenez, "zentzuzkoena" Eurokopa Bilbon ez jokatzea da, gaur egungo egoera epidemilogikoa "oso larria" delako; hala ere, gai horrek pandemiaren kudeaketan "EAJren inkoherentzia" agerian uzten duela uste du, udan futbol-txapelketa jokatzea defendatu baitu hark.
Carlos Iturgaiz Euskadiko PPko presidenteak esan du orain EAJ "iraindu gisa" jokatzen ari dela, baina, bere ustez, UEFAk Bilbo Eurokoparen egoitza izateari uko egitearen "benetako errua" EAJrena eta Eusko Jaurlaritzarena dela; izan ere, baldintza sanitario "drakoniarrak" ezarri zizkioten UEFAri, finean "deseroso" zeudelako Espainiako Selekzioa Bilbon ikustearekin.