Itxi

coronavirus

EH Bilduk covid-19aren aurkako txertoen patenteak altxatzeko ekimenak aurkeztu ditu

O.P. | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Mertxe Aizpuruak positibotzat jo du Sanchezek patenteen liberalizazioa bultzatzeko egindako iragarpena, eta Pernando Barrenak esan du txertoak "ondasun publiko" gisa garatu behar direla.

Covid-19aren aurkako patentatutako txertoak. Argazkia: EFE

EH Bilduk ekimenak aurkeztu ditu Senatuan eta Diputatuen Kongresuan, Europako Parlamentuan eta Nafarroako Parlamentuan, covid-19aren aurkako txertoen patenteak aldi baterako kentzearen aldeko jarrerak lortzen saiatzeko. Gasteizko Parlamentura ere eraman du, baina Mahaiak atzera bota du, errepikakorra delako.

Hala azaldu dute gaur Mertxe Aizpurua diputatuak eta Pernando Barrena eurodiputatuak eta txalotu egin dute atzo Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sanchezek Iberoamerikako goi-bileratik Europan eta Munduko Merkataritza Erakundean eztabaida hori bultzatzeko hartutako konpromisoa. "Oso positiboa iruditzen zaigu Sanchezek eginiko iragarpena, eta berriro ere gure prestutasun osoa adierazten diogu modu bateratuan lan egiteko, proposamen hau landu eta ahalik eta babes politiko eta sozial handiena lortzeko. Espero dugu aukera izatea proposamen honetan lehenbailehen lan egiteko eta patenteen liberalizazioa errealitate bihurtzeko", esan du Aizpuruak.

Aizpuruak azaldu duenez, patenteak altxatzea "berebiziko garrantzia duen eta oso premiazkoa den neurria" da egungo larrialdi-egoerari nahiz "farmazia-enpresa handien interesek eta eskariak ez betetzeek sortutako txerto eskasiari" aurre egiteko. Modu horretan, ziurtatu du Aizpuruak "askoz jende gehiago txertatu ahal izango da, askoz azkarrago eta eskala globalean" eta hori da, bere ustez "pandemia honekin amaitzeko eta milaka eta milaka bizitza salbatzeko formula bakarra".

Gisa bertsuan mintzatu da Europako diputatu Pernando Barrena, eta defendatu du txertaketa-kanpaina ezin dela "farmazia-enpresa handien esku egon, eta ezin dute pandemia hau probestu irabaziak biderkatzeko". Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak txertoak "ondasun publiko global" gisa garatzeaz esandakoaren ildotik lan egiteko beharra azpimarratu du, "hitz horiek ez baitira oraindik ekintza bihurtu".

"Sistema publiko indartsu bat behar dugu, txertoen produkziotik hasi eta txertaketa herritar guztiengana iristeraino", adierazi du, nabarmenduz, horretarako "lehen urratsa, jabetza intelektuala eta patenteak liberalizatzea" dela, txertoa mundu mailako ondasun publiko bihurtu eta "edozein erakundek eta estatuk txertoa sortzeko eta ekoizteko aukera izan dezan"; txertoaren eskuragarritasuna mundu mailan biderkatzeko eta txertaketa kanpaina azkartzeko aukera emango luke horrek Barrenaren iritziz. Halaber, gogorarazi du "munduko biztanleria osoa txertatua egon arte" ezingo dela "segurtasunaz eta pandemia gainditu izanaz" hitz egin.