Itxi

KATALUNIA

Aragones Sanchezekin elkartuko da gaur Lledonersen, gobernu akordioa negoziatzeko

EITB MEDIA | AGENTZIAK

Leer en Castellano

ERCk maiatzaren 1era arteko epea eman dio Juntsi akordioa lortzeko. Adostasunik ezean, beste aukera batzuk aztertuko dituela ohartarazi du.

Pere Aragones. Artxiboko argazkia: EFE

Pere Aragones ERCko presidentegaia eta Jordi Sanchez JxCateko idazkari nagusia Lledonersko espetxean elkartuko dira gaur, gobernua osatzeko aukeaz hitz egiteko. Bilera 17:00etan hasiko da.

Sanchez eta Aragones bakoitza bere negoziazio taldeko kideekin lagunduta joango dira batzarrera. Lledonersen preso dauden JxCat alderdiko Jordi Turullek, Josep Rullek eta Joaquim Fornek ez dute bileran parte hartuko. Oriol Junqueras ERCko presidenteak, berriz, bai hartuko du parte negoziazio mahai horretan. ERCren aldetik Pere Aragones, Oriol Junqueras eta Josep Maria Jove joango dira eta JxCatetik, ostera, Jordi Sanchez, Elsa Artadi eta Josep Rius.

Hemendik hilabetera (maiatzaren 26an) gobernurik ez badago, hauteskundeak errepikatu beharko dituzte Katalunian.

ERCk larunbatera arteko epea eman dio Juntsi akordioa lortzeko. Adostasunik ezean, "beste bide batzuk" aztertzen hasiko direla ohartarazi du.

Edozein kasutan, Elsa Artadi JxCateko presidenteorde eta bozeramaileak atzo iragarri zuenez, gaurko bilerako gai-ordenan puntu bakarra egongo da: balizko gobernuaren egitura.

Gobernu osaketaz negoziatzeko aurrez aurreko bilera bat egitea eskatu zion ERCk JxCati, Pere Aragonesen parte hartzearekin. JxCatek, bere aldetik, Jordi Sanchez idazkari nagusia ere batzarrean egotea eskatu zuen.

Albisteak (3)