Itxi

Koronabirusa

50 urtez gorako biztanleak "uda baino lehen txertatzeko itxaropena" du Urkulluk

EiTB Media | Agentziak

Leer en Castellano

Urteko bigarren hiruhilekoan txertaketak orain arte baino "eragozpen gutxiagorekin" aurrera egiteko "itxaropen sendoa" du lehendakariak.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Covid-19aren aurkako txertoaren dosiak egungo erritmoan jasotzen jarraituz gero, 50 urtez gorako biztanleria uda baino lehen txertatzea espero du Iñigo Urkullu lehendakariak.

Eusko Legebiltzarrean egindako kontrol saioan, urteko bigarren hiruhilekoan txertaketak orain arte baino “eragozpen gutxiagorekin” aurrera egiteko “itxaropen sendoa” azaldu du Urkulluk.

Dagoeneko 740.000 dosi baino gehiago eman dituztela gogorazi du agintariak. Egungo erritmoari eutsiz gero, 50 urtetik gorako biztanleak “uda baino lehen” txertatzea posible izango litzatekeela erantsi du. Horrek ZIUetako presioa “ oso nabarmen” murriztu dezakeela uste du buruzagiak.

“Egoerak larria eta kezkagarria izaten jarraitzen du, baina maratoiaren azken tarteari emaitza onarekin eusteko baliabideak ditugu, eta horretarako prest gaude”, esan du Urkulluk.

778.721 txerto

Guztira, covid-19aren aurkako 778.721 txerto eman dituzte dagoeneko Euskadin; horietatik, 216.052 bigarren dosiak edo dosi bakarrak dira. Hala, dosi kopuru hori immunizatutako pertsona kopuruari dagokio. 

90 urtetik gorako pertsonen % 97 baino gehiagok eta 80-89 adin tarteko biztanleen % 73k bigarren dosia jaso dute jadanik; 70-79 adin tarteko pertsonen % 69k eta 60-69 urte arteko biztanleen % 40k lehen dosia jaso dute.

Osasun Sailak jakitera eman duenez, Pfizer-BioNTechen 534.838 dosi (horietako 189.807 bigarren dosiak eta 726 dosi bakarrak), Modernaren 49.545 (horietako 11.846 bigarren dosiak eta 515 dosi bakarrak), AstraZenecaren 183.532 (horietako 2352 dosi bakarrak) eta Janssenen 10.806 dosi (guztiak bakarrak) banatu dituzte.

Azkenik, apirilaren 28tik maiatzaren 4ra, Pfizerren 90.830, Modernaren 12.385, AstraZenecaren 3.619 eta Janssenen 354 dosi ematea aurreikusi dute; guztira, 107.188.

 

Albisteak (4)

Bideoak (1)