Espetxe politika
Ekainerako ETAko preso guztiak hurbilago izatea aurreikusten du Sarek
EITB Media
Joseba Azkarraga Sareko bozeramaileak azaldu du, hurbiltzeen erritmoak bere horretan jarraituz gero, ekainerako ez dela ETAko presorik geldituko Andaluziako eta Levanteko espetxeetan.
Joseba Azkarraga Sareko bozeramaileak begi onez ikusten du Espainiako Gobernuak ETAko presoak hurbiltzeko agertzen ari den jarrera. Radio Euskadin egindako elkarrizketan azaldu duenez —hurbilketen martxa mantentzen bada— ekainerako ez da ETAko presorik geldituko “Madriletik beherako” espetxeetan, Sareren kalkuluen arabera.
Gainera, Azkarragak gogorarazi du duela urtebete 180 preso zeudela Galizian, Andaluzian eta Levanten. Egun, ostera, dozena bat gelditzen dira aipatutako azken bi kartzeletan.
Presoen gradu aldaketari dagokionez, Azkarragak azpimarratu du prozesua blokeatuta egon dela hainbat hilabetez. Alegia, lehen gradutik bigarren gradura igaro diren espetxeratuak badaudela, baina ETAko presoen herena —60 pertsona— dagoeneko hirugarren graduaz baliatu zitekeela.
Azkenik, Sareko ordezkaria espetxe eskumenen transferentziaz aritu da. Eusko Jaurlaritzaren presoen inguruko legedi bakarra sortzeko proposamena egokia iruditzen zaio. Hala, EAEk espetxe politikaren inguruan erabakirik hartzeko aukerarik izango ez duen arren, presoen graduaren inguruan eta kartzeletako langileen inguruan erabakiak hartzeko moduan izango dela azaldu du Sareren bozeramaileak.