HERIOTZA
Mixel Berhokoirigoin 'bakearen artisaua' hil da
EIDER JAUREGI OIARTZABAL | EITB MEDIA
ELB sindikatuaren sortzaile, Euskal Herriko Laborantza Ganbararen presidente eta azken urteetan bake prozesuaren eragile nagusietarikoa izan zen.
Mixel Berhokoirigoin azken urteotan 'bakearen artisau' gisa ezagun egindako laborari eta eragilea hil zen atzo, maiatzak 7, kazeta.eus-ek larunbat honetan jakitera eman duenez. 69 urte zituen Berhokoirigoinek eta azken hilabeteetan atzeman zioten gaixotasun larri baten ondorioz zendu da.
Gamarteko (Nafarroa Beherea) Uhartia baserrian jaioa, nekazaritza ikasketak egin zituen eta esne ekoizpenean aritu izan zen 30 urte baino gehiagoz. 1982an Euskal Herriko Laborarien Batasuna (ELB) sindikatua sortu zuen, laborantza intentsiboaren kontra borrokatzeko, garapen iraunkorraren alde egiteko eta Ipar Euskal Herria onartuko zuen egitura sektorial bat sortzeko, eta 2005etik 2015era Euskal Herriko Laborantza Ganbarako presidente izan zen.
Laborantza arloan eginiko lanaz gain, militante sutsua ere izan zen Berhokoirigoin, azken urteetan batez ere. Bakegileak taldeko kide izan zen eta Luhusoko polizia operazioan atxilotu zuten, Txetx Etcheverry, Betatrice Molle, Stephane Etxegarai eta Mixel Bergougnanekin batera.
Bakegileak edo bakearen artisauak Ipar Euskal Herriko gizarte zibileko ekintzailez eta sindikalistaz osatutako talde bat da, ETArekin inolako loturarik ez duena. Hala ere, bitartekaritza lanak egin zituen, erakundeak borroka armatuari amaiera eman eta "Espainiako eta Frantziako gobernuen blokeo jarreraren aurrean" 2016an ETA armagabetzea lortzeko.
Harreman horien ondorioz, ETAk "jendarte zibilaren esku" utzi zuen armagabetzea, eta 2017ko apirilaren 8an gauzatu zen. Aurrez, baina, 2016ko abenduaren 16an, polizia operazioa izan zen Luhuson, bitartekaritza prozesu horren kontra, eta bost pertsona atxilotu zituzten, Berhokoirigoin tartean. Handik egun batzuetara, libre geratu ziren.
Atxiloketaren lehen urteurrenean 'Irtenbidearen bila' saioa eskaini zuen ETB1ek, Xabier Usabiagak aurkeztuta. ETAren armagabetze prozesua nola bideratu zen kontatu zuten bertan Mixel Berhokoirigoinek eta Txetx Etcheverryk, eta politikoki blokeatuta zegoen egoera nola desblokeatu zuten ulertzeko gakoak azaldu zituzten.
Azken urteetan Bakegileen erreferentzia nagusietarikoa izan zen Berhokoirigoin, bai mobilizazioetan, bai komunikabideetan, eta Ipar Euskal Herriko hautetsi eta jendarte zibileko beste hainbat ordezkarirekin batera, Frantziako Gobernuarekiko interlokutore den Euskal Herriko ordezkaritzaren kide izan zen.
Urtarrilaren 9an egin zituen azken adierazpen publikoak, Baionan, presoen eskubideen aldeko manifestazioan.
Doluminak eta gorazarre sare sozialetan
Mixel Berhokoirigoinen heriotzak oihartzuna izan du sare sozialetan ere. Hainbat norbanako eta pertsona ezagunek zabaldutako mezuez gain, Iparraldeko EAk, EH Bilduk, Foro Sozialak nahiz Sarek, besteak beste, Twitterreko euren kontu ofizialetan oroimen mezua publiko egin nahi izan dute.
Mixel Berhokoirigoin hil da, bakearen artisaua, ETAko desarme zibilaren protagonistetako bat eta Euskal Herriko bakea eraikitzeko prozesua aurrera egiteko lanean ari garen guztion bidaide.
— Foro Soziala (@ForoSoziala) May 8, 2021
Besarkada handi bat familia eta ingurukoei.
Eskerrik asko, Mixel.
Adiorik ez! pic.twitter.com/wLsMuuRTci
Bakegintzan eta eraldaketa sozial eta ekonomikoan egindako ezinbesteko ekarpenagatik erreferente izango da beti.
— EH Bildu (@ehbildu) May 8, 2021
Gure doluminik beroenak Mixel Berhokoirigoinen senide eta gertukoei!https://t.co/wYUGkuev8n
Mixel Berhokoirigoin bakegilea zendu da. Gure doluminak eta besarkada sendoena senide, lagun eta kideei. Euskal Herria bake bidean kokatzeko klabea izan zen Mixelen lana. Gure miresmen eta esker on guztia zuretzat lagun! Ezinbesteko pertsona eta militantea. @Artisans_Paix https://t.co/ALg3ogbp4b
— Sare #IzanBidea ¿¿ (@sare_herritarra) May 8, 2021
Mixel Berhokoirigoin militante eta bakegilea zendu da.
— Iparraldeko EA (@IparraldekoEA) May 8, 2021
Gure herriak galtzen du militante handi bat. Doluminak familia eta lagunei.
Ez adiorik Mixel! ¿¿ pic.twitter.com/jelCcPucyR