ALARMA EGOERAREN AMAIERA
Fernandez: "Norberak arduraz jokatzeko unea da"
EITB MEDIA
LABIren Batzorde Teknikoko koordinatzailearen hitzetan, "ezinbestekoa" da datozen asteotan "prebentzio neurriei eustea", eta herritarrei arduraz jokatzeko esan die.
Behin gaur gauerdian covid-19aren pademiagatik Espainiako Estatuan ezarritako alarma egoera bertan behera geratuta, herritarrei "argitasuna eta ziurtasuna" ematea da Eusko Jaurlaritzaren helburua, Jonan Fernandez LABIren Batzorde Teknikoko koordinatzaileak esan duenez. Hori dela eta, Gasteizko Gobernuak "polemiketan" eta "alferrikako kexatan" denborarik ez duela galduko nabarmendu du.
Radio Euskadin egindako elkarrizketan, EAE Justizia Auzitegi Nagusiak hartutako erabakiaren aurrean Iñigo Urkullu lehendakariak egindako gogoeta berresten duela esan du Fernandezek. Horren harira, Espainiako erkidego ezberdinetako auzitegiek gai beraren aurrean erabaki ezberdinak hartzea "ulertezina" dela ere esan du. "Oso zaila da herritarrei hori azaltzea", gaineratu du.
Egoera, oraindik, "oso larria" dela eta, beraz, "norberak arduraz jokatzeko unea" dela iritzio dio Fernandezek. Datozen asteotan inzidentzia tasak behera egingo duela uste du, eta txertaketaren erritmoa ere bide onetik doala adierazi du. "Horregatik, azken txanpa honetan ezinbestekoa da prebentzio neurriei eustea herritarrek", amaitu du.