Auzitegi Nazionala
“Irregulartasunengatik” 13/13 sumarioko prozesua baliogabetu behar dela dio defentsak
agentziak | eitb media
Hamar pertsona atxilotu zituzten, tartean hiru abokatu, ustez ETAko presoak kontrolatzeaz arduratzen zen talde bat osatzea leporatuta.
13/13 sumarioko defentsa abokatuek salatu dute prozedura judiziala "baliogabetuta" dagoela "hasieratik", "abokatuen bulegoetan egindako miaketetan izandako irregulartasunengatik, CNIren legez kanpoko entzuketengatik, tortura eta tratu txar zantzuengatik eta 'non bis in idem'a urratzeagatik".
13/13 sumarioaren baitan 10 pertsona atxilotu zituzten, tartean hiru abokatu, ustez ETAko presoak kontroloatzeaz arduratzen zen talde bat osatzea leporatuta, eta gaur defentsa abokatuek prentsaurrekoa eman dute Bilbon.
Hori horrela, jakinarazi dute "zerbitzu sekretuek abokatuei entzuten" zietela, "defentsa estrategia guztiak jakiteko aukerarekin".
"Ondorioa argia da: komunikazioen eskuhartze horrek ez du Prozedura Kriminaleko Legea errespetatzen, baliogabeak dira eta hasieratik ezeztatzen du prozedura judiziala", azaldu dute abokatuek.
Bestalde, gogorarazi dutenez, prozeduraren jatorrian "Guardia Zibilaren txosten bat dago, eta bertan atxilotutakoak identifikatzen eta seinalatzen dira premisa zehatz batean oinarrituta: David Pla identifikatu zutela Frantzian 2008ko maiatzaren 17an ETAren ustezko buruzagiekin". "Ezustekoa oso handia da egiaztatzen denean Pla egun horretan beste leku batean zegoela, bikotekidea espetxean bisitatzen", ohartarazi dute, Pla ondoren libre geratu zela azpimarratu aurretik.
Era berean, Guardia Zibilaren txosten bat aipatu dute, "polizia-operazioaren nondik norakoak jasotzen zituena eta defentsak prozeduran aurkeztua".
Txosten horretan "bost agenteko galdeketa taldeak aurreikusten dira, eta atxilotuei tratamendu desberdinak ematea agintzen da (tratu 'ona uneoro' abokatuei, eta 'ipuntazio judizialak berresten dituen adierazpenak lortzeko' tratua besteen kasuan), eta CNIre parte-hartzea zehazten da", abokatuen arabera.
13/13ko defentsaz arduratuko diren abokatuek gaineratu dute "torturak egiaztatuta" daudela "auzitegi-medikuen txostenekin, Istanbul Protokoloak eginda eta Paco Etxeberriak zuzenduta Eusko Jaurlaritzak egin zuen txostenean jasota".
Bestalde, aipatu dute Fernando Frande Marlaska egungo Barne ministro espainiarra izan zela "polizia operazioa zuzendu" zuena, eta "egin zuen lehenengo gauza guardiako auzitegiak tratu txarrak galarazteko hartu zituen neurriak bertan behera uztea" izan zela.
Salatu dutenez, "sekretu profesionala etengabe urratu dute oso modu argian, abokatuaren eta bezero presoen arteko gutun konfidentzialak eta defentsa estrategiak jasotzen zituen txosten judizialak" atzeman zituztelako. Gainera, Bilboko miaketan "Bizkaiko Abokatuen Kolegikoak bidalitako abokatuak berak protesta formal bat aurkeztu zuen oinarrizko eskubideak eta sekretu profesionala urratzeagatik".