Itxi

Zaldibarko zabortegia

Urkulluk "egun erraza" izan ez dela onartu du, bilaketa lanak bukatu ondoren

EiTB Media | Agentziak

Leer en Castellano

"Urte eta hiru hilabeteko lan luzearen" ondoren bilaketaren amaiera hizpide izan du lehendakariak. "Pertsona askoren esfortzua eta itxaropena", azpimarratu ditu, "guztiarekin saiatu direlako".

Makina-erremintaren klusterraren batzar nagusia itxi du Iñigo Urkullu lehendakariak. Argazkia: EFE

Joaquin Beltran bilatzeko lanak amaitu ondoren, gaurkoa “egun erraza” izan ez dela onartu du Iñigo Urkullu lehendakariak, “ezta zoriontsua ere”. 15 hilabetetan zehar “pertsona askok ilusioz lan luzea egin dute”, desagertutako bi beharginen familiek “merezi” zutena lortzeko asmoz, nabarmendu duenez.

Makina-erremintaren (AFM) klusterraren batzar nagusia itxi du Urkulluk, Donostiako Miramon teknologia parkean.

“Urte eta hiru hilabeteko lan luzearen” ondoren bilaketaren amaiera hizpide izan du lehendakariak. “Pertsona askoren esfortzua eta itxaropena”, azpimarratu ditu, “guztiarekin saiatu direlako, industria hondakinen zabortegi batean bi pertsonaren gorpuzkiak erreskatatzeko”.

Abuztuaren 16an Alberto Sololuzeren gorpuzkiak aurkitu zituztela gogorarazi du, baina Joaquin Beltran “behin betiko” desagertutzat jotzea deitoratu du, bilaketa lanak eremu eta fase guztietan bukatu ondoren.

“Administrazioak modu guztiz subsidiarioan aurre egin behar izan dio”, nabarmendu du Urkulluk.

Eusko Jaurlaritzak Joaquin Beltranen eta Alberto Sololuzeren familiei berria emateko “betebeharra” zuela uste du buruzagiak. “Eta horrela egin nuen atzo pertsonalki, eta horrela egin dut goizean zehar ere”, azaldu du Exekutiboko agintariak.

Zentzu horretan, “urte eta lau hilabete nekagarri” daramatzatela onartu du Urkulluk, baina “tunel luzetik” behin betiko ateratzeko itxaropenez.

Hala ere, “kezkarako eta lanerako egunak jarraitzen dute izaten”, gogorarazi du.

Albisteak (7)