Itxi

Katalunia

ANCk, ERCri eta JxCati: "Hauteskundeak badaude, ez gara berriz zuen ondoan izango"

EITB Media | Agentziak

Leer en Castellano

Kataluniako Asanblada Nazionalak esan du Govern independentista sortzeko "azken aukera" emango diela bi alderdiei.

ANCren ekitaldia Bartzelonan. Argazkia: EFE

Elisenda Paluziek, Kataluniako Asanblada Nazionako (ANC) kideak, azaldu du hauteskundeak errepikatzen badira eta ERC eta JxCat alderdiek independentziaren aldeko bidean aurrerapausorik egiten ez badute ez direla "berriz" haien "ondoan izango".

Asanbladak kontzentrazioa deitu du gaur Bartzelonako Sant Jaume plazan, Palau de la Generalitaten parean, ERC eta JxCat alderdiei Govern independentistaren aldeko paktua sinatzeko eskatzeko. Pauso hori maiatzaren 26a baino lehenago eman ezean, hauteskunde berriak deituko dituzte. "Bozketara bagaramatzazue edota independentziaren aldeko planik ez duen Governa errepikatzen baduzue", ANC "ez da berriz zuen ondoan izango", jakinarazi du Paluziek. Gainera, ERC eta JxCat alderdiei esan die gaurkoa izango dela Asanbladak akordiora heltzeko eskainiko duen "azken aukera".

"Azken aukera bat duzue 14F-ko gehiengo indartua alferrik ez galtzeko", "azken aukera bat" Governak dituen "eskuduntza eskasak" kudeatzeko eta Generalitatean "independentziaren alde" lan egiteko, azpimarratu du Paluziek.

ANCren ordezkariak ERCri eta JxCATi aurpegiratu die "irabazteko beharrezkoa zen guztia" izanda ere,  alderdi bien arteko ika-mikak tarteko, independentistak "inoiz baino banatuago eta desengainatuago" egotea.

Paluzieren esanetan, "borroka elektoralak" tarteko eta "botere autonomikoen gosea" asetzeagatik,  "lortutako guztia xahutzeko" gai dira ERC eta JxCat.

"ANCk pazientzia amaiezina izan du, bilera guztietara joan da eta denbora alferrik galdu du, hitzartutako erreferendumez eta inoiz iritsiko ez diren amnistiez hitz egiten entzuten", zaldu du Asanbladaren ordezkariak.

Ekitaldia bukatuta, Sant Jaume plazako manifestariek "batasunaren" aldeko aldarria egin dute, ERC eta JxCat alderdiei "nahikoa dela" esanez.

Albisteak (3)