Araba
Batzar Nagusiek krimen frankistei buruzko kereila baztertu izana salatu dute biktimek
Eider Garaikoetxea | EITB MEDIA
Frankismoaren krimenen aurkako Euskal Plataformak kritikatu duenez, EAJk eta PSE-EEk ez dute Araban izandako hilketa frankistak auzitara eramateko EH Bilduren mozio bat babestu nahi izan.
Arabako Batzar Nagusiek (BBNN) frankismo garaian lurraldean izandako hilketen inguruko kereila aurkeztea baztertu izana deitoratu du Frankismoaren krimenen aurkako Euskal Plataformak. EH Bilduk mozioa aurkeztu du asteon kasua auzitara eramatearen alde, baina EAJk, PSE-EEk eta PPk kontra bozkatu dute, bide judizialari uko eginda.
Plataformak ohar batean gogorarazi duenez, 2018an onartutako mozio batean auzi horiengatik kereila aurkeztea erabaki zuten Arabako Batzar Nagusiek eta Foru Aldundiak, baita Biktimen Bulego berezi bat sortzea ere, lurraldeko biktima eta familiartekoei euren testigantzak jasotzeko. Elkartearen esanetan, 150 lekukotasun baino gehiago bildu dituzte, "kereila gorpuzteko eta edukiz janzteko".
EH Bilduren mozioa maiatzaren 19ko osoko bilkuran eztabaidatu zuten, eta EAJk eta PSE-EEk babestu ez zutela kritikatu du plataformak (koalizio abertzaleak eta Elkarrekin Araba taldeek baino ez zuten alde bozkatu). Jeltzale eta sozialistek argudiatu zutenez, kereilak ez zuen "ibilbiderik" eta martxoaren 3ko sarraskiaren auziarekin gertatutako gogorarazi zuten. Auzitegi Konstituzionalak urtarrilean itxi zizkion ateak Arabako erakundeek horren harira aurkeztutako kereilari, ez baitzuen onartu Martxoaren 3ko auzia artxibatzearen kontrako helegitea.
EH Bilduren mozioaren ordez, Arabako BBNNk jeltzale eta sozialistek aurkeztutako aldaketa-zuzenketa bat onartu zuten. Adierazpenean "egia, justizia eta erreparazio eskubideak" gauzatzeko beharra azpimarratzen zuten taldeek, baina kereilaren bideari muzin eginda.
Plataformaren iritzian, EAJk eta PSE-EEk erabilitako argudioa (kereilak justizian ibilbiderik ez duela) "aitzakia maltzurra" da, biktimek badutelako nazioarteko justiziara, adibidez Estrasburgora, jotzeko aukera. Hori horrela, bi alderdien zuzenketa "akats larria" dela iritzi diote, "biktimekiko zalantza gabeko babes instituzionala plazaratzeko unea delako, edozein ekimen edo egitasmoetan berauei lagunduz, Justiziak behingoz hitz egin dezan".
Frankismoaren krimenen aurkako Euskal Plataformak uste du "kontrajarria" dela emendakin bat onartzea non "bere bi lehen puntuetan Egiaren, Justiziaren eta Erreparazioaren eskubideekiko betebeharraren eskakizun irmoa egiten den; eta hurrengo lerroetan krimenen salaketarik eta kereilarik ez onartzea, justiziaren bila hain zuzen, berarekin lortzeko, edo saiatzeko bederen, frankismoaren inpunitatearekin amaitzea".
Hala, nabarmendu dute "ederra" dela "politikoen aldetik entzutea biktima guztiak berdin tratatuak izan behar direla", baina salatu dute "errealitatea tematia" dela eta badirela "lehen mailako eta bigarren mailako biktimak, ahaztuak edo/eta estalitakoetatik aparte. Biktima batzuk onarpen xumea eta erdi lotsakorra dute, eta ez da bere kaltegileentzat Justiziarik eskatzen; beste batzuk, justiziak bere kaltegileek erruz ordaintzea lortu ondoren, onarpen osoa jaso dute, Oroitguneekin, berezko Legeekin eta hainbat esparruetako eskubideekin", kritikatu dute.
Azkenik, azpimarratu dute indar politikoek "laster" izango dutela aukera "diskriminazio hau uxatzeko eta zuzentzeko, Madrileko Kongresuan ekarpenak eta eskaerak eginaz Memoria Demokratiko Integral, Justu eta Oso bat eraikitzeko, giza-eskubideen urraketak sufritu duten biktima guztientzat eskubideak bermatuko duen legea, hain zuzen".