Itxi

'Proces'eko presoei indultuak

"Zigortzeko aldi bat dago eta beste bat adiskidetzeko", berretsi du Sanchezek

E. G. | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Bien bitartean, Josu Erkoreka Jaurlaritzako lehendakariordearen ustez, indultuek "gauzak lasaituko" lituzkete eta "adostasunerako beste prestutasun bat" erakutsiko lukete.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Kataluniako preso independentistak indultatzearen aldekoa dela adierazi du berriro ere Pedro Sanchez Espainiako Gobernuaren presidenteak. Gaur berretsi duenez, horren inguruan hartu beharreko erabakia "espainiar guztien arteko elkarbizitzaren aldekoa" izango da, badagoelako "aldi bat zigortzeko eta beste bat adiskidetzeko".

Espainiako Gobernuari egindako kontrolerako saioan egin ditu adierazpenak Sanchezek, Pablo Casado PPko buruzagiak egindako galdera bati erantzunez. Casadoren aburuz, legea betearaztea balio konstituzional bat da, ez "mendekua edo legediari kolpea ematea".

Harago joan da buruzagi popularra, eta estu hartu du PSOEko presidentea: "legeari eraso diotenak eta adiskidetasuna eta bizikidetza zartarazi dituztenak indultatu nahi dituzu. Boterean jarraitzeko independentistei emandako ordaina baino ez da".

Sanchezek ihardetsi dionez, "Alderdi Popularraren gobernu bati egin zioten urriaren 1a eta alde bakarreko independentzia aldarrikapena, ez gobernu aurrerakoi bati", eta gogorarazi du Kataluniako hauteskundeak baino lehen PPren kudeaketa "txarra" izan zela aitortu zuela Casadok. Sanchezen ustez, "PPk ez zuen lurraldearen osotasuna eta Espainiaren batasuna defendatu, eta horren ordez Estatuaren oinarriak ahuldu zituen".

Jaurlaritza: "Indultuek gauzak lasaituko lituzkete"

Bestalde, Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako lehendakariorde lehen eta Segurtasun sailburuak nabarmendu du 'proces'eko presoak indultatzea "hartu-emanerako beste jarrera bat eta adostasunerako beste prestutasun bat" erakutsiko lukete.

Pere Aragonesen inbestiduraren ondotik, Erkorekak uste du "azken urteetako egonezina amaitutzat ematea eta egonkortasun fase batera heldu ahal izatea" dela beharrezkoa.

Bizkaia Irratiari eskainitako elkarrizketa batean adierazi duenez, gobernuek egonkortasuna behar dute pandemiaren erronkei eta susperraldi ekonomikoari heltzeko, eta horren ildoan, Madrilekin izandako "krisi politikoa" gainditzea eta "normaltasun batera joatea".

"Nik uste dut har daitezkeen neurrien artean indultuarena dago, gauzak lasaituko lituzke eta hartu-emanerako beste jarrera bat eta adostasunerako beste prestutasun bat erakutsiko luke", azpimarratu du. 

Gorka Knörr Generalitateak Madrilen duen ordezkariak ETB1eko "Egun On Euskadi" saioan esan duenez, indultuak ez dira "adiskidetasun" kontua, "justizia kasua baizik".

BIDEOA | Gorka Knörr, indultuei buruz: "Ez da adiskidetasun kontua, justizia kasua baizik" 

Albisteak (2)

Bideoak (2)