TERRORISMOAREN BIKTIMAK
Terrorismoaren Biktimen Oroimenerako Zentroa inauguratu dute Gasteizen
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Inaugurazio-ekitaldiaren aurretik, 300 pertsona inguru bildu dira Memoriala "diskriminatzailea" dela eta Poliziaren edo Estatuaren indarkeriaren "milaka biktima" baztertzen dituela salatzeko.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Gaur eguerdian inauguratu dute Gasteizen Terrorismoaren Biktimen Oroimenerako Zentroa, terrorismoaren biktimak gogoratzeko eta memoria kolektiboa eraikitzea sustatzeko egoitza. Bihartik aurrera egongo da zabalik publikoarentzat.
Iñigo Urkullu lehendakaria, Felipe VI.a eta Letizia Espainiako errege-erreginak, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea eta Florencio Dominguez Biktimen Oroimenerako Zentroko zuzendaria izan dira bertan.
Zentroko zuzendariak azaldu duenez, biktimen memoria "terrorismoaren deslegitimazio etiko, sozial eta politikorako funtsezkoa" da eta "ezin da indarkeriaren aurrean neutrala eta parekidea izan".
Horren ustez, "terrorismoari justifikazio edo aitorpen oro kentzen lagundu behar dio. Horrela, neurri eraginkorra izango da etorkizunean norbaitek berriro indarkeria erabiltzea saihesteko", esan du Dominguezek inaugurazio ekitaldian.
Zentroa Euskadin irekitzeko arrazoiak ere azaldu ditu: "ETAren terrorismoak Espainiako azken urteetako historian izan duen garrantziagatik, eta biktima gehien, kalte pertsonal gehien eta eragin politiko handiena izan duelako".
Dozenaka pertsona elkartu dira ekitaldiaren aurretik Espainiako banderak eskuan zituztela, eta erregea goraipatu eta Grande-Marlaskaren dimisioa eskatu dute, oihu artean.
Iñigo Urkullu lehendakariak sare sozialetan adierazi duenez, zentro honek bat egiten du "bizikidetza bidezkoa, baketsua eta inklusiboa sendotzeko helburu partekatuarekin".
"Hainbat hamarkadatan terrorismoa, bidegabeko kaltea eta mina jasan ondoren, beste urrats bat eman dugu pertsona ororen duintasuna eta giza eskubideak errespetatzeko, sustatzeko eta defendatzeko zereginean. Hau da partekatzen dugun xedea eta ibilbidea", erantsi du.
Protestak
Agintariak iritsi baino minutu batzuk lehenago, berriz, 300 bat pertsona bildu dira inguruan, Memoriala "diskriminatzailea" dela salatzeko, Poliziaren edo Estatuaren indarkeriaren "milaka biktima" baztertzen dituela argudiatuz.
Hego Euskal Herriko biktimen 15 elkarte biltzen dituen Memoria Osoa sareak deitutako protestan, manifestariek bandera errepublikanoak zituzten eskuetan, eta monarkiaren aurkako oihuak egin dituzte. Gainera, memoria integral baten aldeko eta biktimen arteko "diskriminazioa"ren aurkako leloak babestu dituzte.
Espainiako Bankuak Gasteizko Olagibel kalean duen egoitza zaharra, hamarkada bat baino gehiago itxita eman ostean, guztiz birmoldatu dute zentroa hartzeko, eta bihartik aurrera egongo da ikusgai publikoarentzat.