TRANSFERENTZIAK
Espetxeetako osasunaren eskumena bere gain hartu du Nafarroak
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Foru Erkidegoak bere gain hartuko ditu orain arte Espetxe Erakundeetako langileak ziren 10 pertsonen gastuak.
Transferentzien Batzorde Mistoak asteazken honetan ziurtatu du espetxeetako osasunaren eskumena Nafarroari eskualdatzeko erabakia. Horrela, abuztuaren 1etik aurrera, Nafarroako Foru Erkidegoak osasun-laguntza emango du Iruñeko espetxean. 20 urtean Nafarroaren esku geratu den lehen eskumena da.
Miquel Iceta Lurralde Politikako eta Funtzio Publikoko ministroa (Espainiako Gobernuaren izenean) eta Javier Remirez Nafarroako Gobernuko Presidentetza, Berdintasun, Funtzio Publiko eta Barne kontseilaria izan dira Nafarroako Jauregian egindako bileraren buru.
Akordioaren arabera, Estatuko espetxeetako osasunaren urteko kostua 131 milioi eurokoa da guztira, eta hortik % 1,6 deskontatuko zaio Nafarroari; hau da, 2,1 milioi euro urtean bere gain hartuko dituen funtzioak eta zerbitzuak finantzatzeko.
Osasunbideko langile izatera pasako dira
Nafarroak bere gain hartuko ditu orain arte Espetxe Erakundeetako langileak ziren 10 pertsonen gastuak, eta Osasunbideko (Nafarroako Osasun Zerbitzua) langile izatera igaroko dira. Halaber, osasun-laguntzari lotutako gainerako gastuak, hala nola botikak, mediku-ekipamenduak eta abar, Nafarroaren eskuetara igaroko dira.
"Nafarroak zerbitzuarekiko eta herritarrekiko erantzukizunez eta konpromisoz hartzen du bere gain eskumen hori", azpimarratu du Maria Chivite Nafarroako presidenteak hedabideen aurrean egindako agerraldian, behin Iceta ministroarekin Transferentzien Batzordea amaitu ostean. Chiviteren hitzetan, lortutako akordioarekin "Estatu deszentralizatuaren ereduari bultzada ematen zaio".
Chivitek autogobernuaz ere hitz egin du, "betiere erkidego guztiak eta herrialde osoa errespetatuz, eta leialtasunaren, elkartasunaren eta kohesioaren ikuspegitik".
Bestalde, Miquel Iceta Lurralde Politikako eta Funtzio Publikoko ministroak esan du "bereziki harro eta pozik" dagoela, "beste eskumen baten transferentzia egin dugulako". Orain arte Euskadik eta Kataluniak soilik zuten eskumen hori, eta, beraz, gainerako autonomia erkidegoak eskumen hori eskatzera animatu ditu.
Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak maiatzaren 10ean sinatu zuten EAEko hiru espetxeen kudeaketa (Martutene, Basauri eta Zaballa) Eusko Jaurlaritzaren esku uzteko akordioa, baina transferentzia ez da urriaren 1era arte egingo.