IÑIGO URKULLU
"Nahasmen eta eskumenen inbasioaren aurrean" bere planari eutsiko dio Jaurlaritzak
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Osasun Ministerioak pandemiari aurre egiteko neurriak "alde bakarretik" eta "inposaketa bidez" eguneratu izana salatu du lehendakariak.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Iñigo Urkullu lehendakariak salatu duenez, asteazkenean Osasun Ministerioak pandemiaren aurkako prebentzio neurrien katalogoan egin zituen aldaketek "eskumenen inbasioa" ekarri dute, eta agerian utzi dute "erabateko nahasmena" dagoela Espainiako Gobernuaren osasun krisiaren kudeaketan.
Ildo horretan, Euskadik "bere bide orria" jarraituko duela eta erakundeek astelehenean eguneratutako neurriak mantenduko dituela baieztatu du.
Legebiltzarrera iritsi denean, Osasun Ministerioak Osasun Sistema Nazionalaren Lurraldearteko Kontseiluak ostegunean egindako bileran izan zuen jarrera gaitzetsi du Urkulluk.
Lehendakariak esan duenez, Jaurlaritzako Osasun Sailak ez zuen Ministerioak aurkeztutako dokumentuari buruzko eztabaidan eta bozketan parte hartu; izan ere, dokumentu horrek ostalaritzako, aisialdiko, ekitaldietako edo baheketetako ordutegiekin lotutako neurriak jasotzen zituen, eta horrek Euskadiko erakundeen eskumenei eragiten die.
Espainiako Gobernuak asteazken honetan azpimarratu duenaren arabera, autonomia erkidegoek nahitaez bete behar dituzte neurri horiek, eta horrek, lehendakariaren arabera, "eskumenen inbasioa" dakar.
"Euskadin gure bide orria dugula jakin beharko luke Espainiako Gobernuak, hau da, Bizi Berri Plana", adierazi du, Jaurlaritzak osasun krisiaren aurrean duen estrategia jasotzen duen dokumentuari erreferentzia eginez.
Urkulluk gogorarazi du dokumentu hori "Espainiako Gobernuarekin" partekatu zela, eta Bizi Berri Plana tresna "eraginkorra" dela. "Euskadin dugun bide orria da eta jarraituko duguna", gaineratu du.
Hori dela eta, lehendakariak Espainiako Gobernuak duen jokabidea agerian uzten duen "erabateko nahasmena" salatu du, eta egoera honen aurrean "ordena" pixka bat eskatu du. Osasun Ministerioak dokumentu hori "alde bakarrekoa" eta "inposaketa" gisa aurkeztu izanaren aurka azaldu da lehendakaria, aurretik ez baita inongo planteamendurik izan, eta ez baita adostasunik bilatu.
Era berean, Euskadik pandemiari aurre egiteko lege autonomiko bat onartuko duela gogorarazi du lehendakariak, eta astelehenean eguneratutako prebentzio neurriak mantenduko direla baieztatu du.
Patxi Lopezen ustez, ez da eskumenen inbasiorik egon
Patxi Lopezek uste du ez dela eskumenen inbasiorik izan, eta autonomia erkidego guztiei irizpide berberak ezarri dizkiela ostalaritzako edo gaueko aisialdiko lokalak irekitzeko, besteak beste.
Radio Euskadin egindako elkarrizketan, Lopezek esan du logikoa iruditzen zaiola adostutako erabakiak betetzea, "herri honetan ez dugulako zertan denetarik egin", eta galdetu du ea "zergatik egon behar dugun une oro eskumenen inguruan borrokan".