feminismoa
Monterorentzat "lotsagabekeria" da Irune Costumeroren aurka egiteko GAS erabiltzea
o.p. | eitb media
Fiskaltzak Costumero auzian izan duen jarrera salatu du, eta justizia feminista eta politika publikoak aldarrikatu ditu matxismoaren biktimen mina konpontzeko eta gertakari gehiago saihesteko.
Espainiako Berdintasun ministro Irene Monterok "lotsagabekeria"tzat jo du Irune Costumerok Bizkaiko Haurren Zerbitzuaren aurka zabaldutako prozesu judizialean Fiskaltzako kide batek "argi eta garbi" esan izana Guraso Alienazio Sindromea (GAS) existitzen dela.
"Gezurra! Ez da soilik ez dela existitzen, ez da soilik bere burua justifikatzeko pedofilo batek asmatutako kontu bat; ez da hori bakarrik, eta Espainian legeak debekatu egingo du, gainera", esan du ekainaren 24an indarrean sartuko den haurtzaroa babesteko lege berria aipatuz.
Monterok Ione Belarraren kanpaina ixteko Zaragozan egindako ekitaldian hitz egin du eta hitzaldia "izen propioekin" hasi du, Tenerifeko Beatriz eta bere alaba Anna eta Oliviaren izenekin, Rocio Caiz sevillarraren izenarekin eta Juana Rivas eta Irune Costumero amenekin.
Justizia feministaren alde egin du, eta "tratu txarrak ematen dituzten gizonek emakumeei min gehien ematen dien tokian indarkeria erabiltzen eta asasinatzen jarrai ez dezaten, Juana Rivas eta Irune Costumero defendatu behar dira", gaineratu du.
"Emakume eta haur horiek guztiek gaur gure besarkada behar dute, gizarte osoaren babesa eta justizia feminista", azpimarratu du.
Monterok aitortu duenez, "emakume eta neska horien aurka eragindako minaren eta indarkeriaren zati oso garrantzitsu bat guztiz konponezina da", baina gogorarazi du badagoela zati bat, "erreparazio kolektiboaren mende egon daitekeena". Horretarako beharrezkoa da "lehenik eta behin, gizarte osoak indarkeria matxista salatu eta gaitzestea, milioika emakume eta haurren bizitzak hondatzen dituena eta haiek hiltzen dituena", zehaztu du.
Bere ustez, biktimek justizia feminista behar dute: "Ez dago Beatrizen edo Rocioren familiaren mina adierazteko hitzik, Juana Rivasen edo Irune Costumeroren sufrimendua azaltzeko hitzik, baina politika publikoak daude min horren zati bat osatzen laguntzeko eta, batez ere, min hori beste emakume eta haurrek jasan beharrik ez izateko".
Monterok deitoratu egin du Espainian oraindik ere justizia patriarkala egotea "beren burua defendatzen ari diren eta, batez ere, seme-alabak bikotekideek eta bikotekide ohiek eragindako indarkeria matxistatik defendatzen ari diren amak zigortzen eta kriminalizatzen dituena".