LEGE PROPOSAMENA
Ikus-entzunezko hedabideen Euskal Kontseilua eratzea baztertu du Eusko Jaurlaritzak
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Gobernu Kontseiluaren bileran ondorioztatu dutenez, gaur egun dauden organoek eta foroek ongi funtzionatzen dute. Gauzak horrela, EH Bilduk erregistratutako lege proposamenak ez du aurrera egingo.
Eusko Jaurlaritzak bidea itxi dio Ikus-entzunezko hedabideen Euskal Kontseilua sortzeko EH Bilduk egindako proposamenari, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak gobernu bileraren osteko agerraldian iragarri duenez. EAJk eta PSE-EEk osatzen duten gobernu koalizioaren arabera, gaur egun dauden organoek eta foroek ongi funtzionatzen dute eta beharrak behar bezala bideratzen dira. Hori dela eta, Ikus-entzunezko hedabideen Euskal Kontseilua eratzeko lege proposamena Eusko Legebiltzarrean tramitatzea eta onartzea baztertu du Eusko Jaurlaritzak.
Koalizio subiranistak organo aholku-emailea, proposamen-emailea eta zigorrak jartzeko ahalmena izango zuena sortzea proposatu zuen, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hedabide publiko zein pribatuetako ikus-entzunezko edukiak arautzeko.
EH Bilduren arabera, hauek lirateke balizko Euskal Kontseiluaren helburuak: ikus-entzunezko komunikazio-askatasuna bermatzea; hedabide publikoen aniztasuna, neutraltasuna, independentzia eta inpartzialtasuna sustatzea; euskararen ezagutza eta erabilera bultzatzea; eta emakumeen eta gizonen berdintasunezko parte-hartzea sustatzea.
Euskal esparruko ikus-entzunezko edukiak arautzeko eskumena izango luke Euskal Kontseiluak, teknologia, formatua eta jatorria edozein dela ere: irratia, lurreko telebista digitala, telebista publikoa edo pribatua, sare sozialak eta abar.
EITBri erreferentzia eginez, Eusko Jaurlaritzak azpimarratu du horren jarraipena egin eta kontrolatzeko hiru foro daudela: Administrazio Kontseilua, Eusko Legebiltzarreko EITBren inguruko kontrol batzordea eta kontratu-programaren kontrol batzordea.