Itxi

Bozak Ipar Euskal Herrian

Zentro-eskuinak irabazi du lehen itzulian, eta EH Bai alternatiba gisa indartu da

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Ipar Euskal Herriko 12 kantomenduetako 10etan irabazi du zentro-eskuinak hauteskundeen lehen itzulian. EH Bai lehen indarra izan da Hendaian eta bigarrena beste sei departamendutan.

Jean-Rene Etchegaray Ipar Euskal Elkargoaren presidentea. Argazkia: Franck Dolosor

Zentro-eskuinak garaipena lortu du Ipar Euskal Herriko hauteskundeetan, lehen itzulian. Force 64 alderdiak 35.932 boz jaso ditu, bozen % 42,59. Nagusi izan da Ipar Euskal Herriko 12 kantonamenduetatik 10etan (Errobi-Aturrin eta Hendaian izan ezik).

Jean Jacques Lasserre Pirinio Atlantikoetako departamenduko presidente eta Modem alderdiko hautagaiak, esaterako, bozen erdia baino gehiago bereganatu ditu bere departamentuan, Bidaxune aldea, Amikuze eta Oztibarren, % 51, hain zuzen ere. Hala ere, bigarren itzulira joan beharko du, parte-hartze baxua medio, kantonamendu guztietan izango baita bigarren itzulia.

EH Bai koalizio abertzaleak gorakada izan du eta bigarren indarra izan da, 20.821 boz lortuta, % 24,68. Hendaian eman dute eguneko sorpresa, indarrik bozkatuena izan baita Annie Povedaren eta Iker Elizalderen hautagaitza, botoen % 29 lortuta.

Hendaiarekin, zazpi kantonamendutan izango da EH Bai bigarren itzulian (bostetan izan zen 2015ean): Baigura eta Mondarrain; Bidaxune, Amikuze eta Oztibarre; Donibane Lohizune; Errobi-Aturri; Mendialdean; eta Uztaritze, Errobiko ibarrak eta Urduzurin.

Errobi-Aturrin gehiengo departamentala izan da nagusi, bozen % 39,99rekin.

Hala eta guztiz ere, eguneko daturik nabarmenenetakoa abstentzioarena izan da, bozkatzera deitutakoen hamarretik lauk baino ez baitu bozkatu, abstentzioa % 62,55ekoa izan da bozetan.

Gaurko emaitzen ondoren, ekainaren 27an izango da hauteskundeetako bigarren itzulia.

Pirinio Atlantikoetako Departamendu Kontseilua

Ipar Euskal Herriak eta Biarnok osatzen dute Pirinio Atlantikoen departamentua eta 54 hautetsik osatzen dute bertako Kontseilua (27 kantonamendu dira eta bakoitzetik bi pertsona hautatzen dira). Ipar Euskal Herriko 12 kantonamenduetatik 24 hautagai izendatzen dira eta Biarnoko 15 kantonamendutatik 30.

Zentro eskuinak du gehiengoa Kontseiluan, baina 2015ean ezker abertzalearen ordezkari den EH Baik Errobi-Aturri kantonamenduko eserlekuak lortu zituen.

Akitania Berria Eskualdeko Kontseilua

Akitania Berria Eskualdeko Kontseiluko bozak ere izan dira asteburuan eta horietan PS alderdi sozialistako Alain Rousset hautagaiak eskuratu du garaipena, hautesleen % 30en babesarekin. Batasun Nazionaleko Edwige Diaz hautagaia izan da bigarren indarra, bozen % 17rekin.  

Pirinio Atlantikoetako Departamenduko Kontseilu Nagusiak eta Akitania Berri Eskualdeko Kontseiluak eskumen asko dituzte, gizarte zerbitzuak, langabeentzako laguntzak, bigarren mailako errepideak eta bigarren mailako hezkuntza... Hegoaldean foru aldundiek dituzten eskumen antzekoak, alegia, eta gai garrantzitsuak erabakitzen dituen arren, ez dirudi gizartearen interesa lortu dutenik, ez, behintzat, gazteena.

Franck Dolosor ETBko kazetariak bere blogean jasotzen duenez, Akitania Berria eskualdeko hauteskundeen emaitzek "ondorio zuzena izan dezakete" Euskal Y proiektuarentzat, besteak beste. Irundik iparraldera nolako konexioa izanen den Akitania Berria eskualdeko kontseiluaren esku dago, hein batean, gogorarazi duenez.

Albisteak (4)