Indultuak
Aragonesek, Sanchezi: "Amnistiaren eta adostutako erreferendumaren unea da"
agenTZIAK | redacción
Hala eta guztiz ere, Kataluniako presidenteak onartu du indultuak urrats bat direla, "gatazka konpontzeko negoziaziorako eta akordiorako bidean sinesgarritasuna sortzen laguntzen" dutelako.
Pere Aragones Kataluniako Generalitateko presidenteak elkarrizketaren bidean, "negoziazioan eta politikan", sakontzeko eskatu dio Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteari: "Amnistiaren unea da. Adostutako erreferendumerako garaia da".
Aragonesek agerraldia egin du gaur Generalitatearen Jauregiko Galeria Gotikoan, 14 kontseilariek babestuta, adierazpen instituzionala egiteko. Bertan, onartu egin du indultuak urrats bat direla, "gatazka konpontzeko negoziaziorako eta akordiorako bidean sinesgarritasuna sortzen laguntzen" dutelako. Dena den, independentismoaren aurkako "errepresio guztia" eten beharra dagoela azpimarratu du.
"Amnistiaren eta autodeterminaziorako eskubidearen garaia da. Adostutako erreferendumaren unea da. Barne adostasun handiena eragiten duen, nazioartearen oniritzia bermatzen duen eta kohesio soziala ematen duen irtenbidearen garaia da", aldarrikatu du.
Puigdemont
Bestalde, Carles Puigdemont Generalitatearen presidente ohiak esan du indultuak direla Europako Kontseiluak presoen askatasuna eskatzeko eman zuen ebazpenari "erantzuteko" modua.
"Espainiako Gobernuak espetxeratutako buruzagi politikoentzat gaur onartutako indultu partzialak Asanblada Parlamentarioaren ebazpenari eta nazioartearen beste eskaera batzuei emandako erantzun gisa ulertu behar dira", adierazi du Puigdemontek eurodiputatuei bidalitako gutun batean. Toni Comin eta Clara Ponsati kontseilari ohiek ere sinatu dute eskutitza.