Dokumentazioa
Politikari katalanen indultuei buruzko gako nagusiak
EITB MEDIA | EFE
Espainiako Gobernuak onartutako indultuari buruzko xehetasunak eta neurri horren harira sortutako hainbat galderaren erantzunak bildu ditugu gida honetan.
Kataluniako prozesu independentista bultzatzegatik zigortutako buruzagi politikoen indultuak onartu ditu Espainiako Gobernuak. Espetxean 1.300 egun baino gehiago igaro ostean, libre geratuko dira, zigorra barkatu dietelako. Alabaina, zer suposatzen du indultuak? Noiz aterako dira kartzelatik? Atzera egiteko aukerarik badago? Zer gertatuko da erbestean dauden politikariekin?
Hona hemen, galdera horien eta beste askoren erantzunak:
Zer suposatzen du indultuak?
Indultua onartuta, auzipetuek ez dute ezarri zitzaien zigorra bete beharko eta, ondorioz, espetxetik aterako dira, baina baldintza batekin: datozen urteetan –gehienez hurrengo sei urteetan- ezingo dute delitu larririk egin. Hala balitz, orain barkatutako zigorra eta balizko beste delitu horrengatik ezarritakoa bete beharko lukete.
Indultuak emanda, zigorrak barkatzen dira, baina leporatutako delituak ez dira desagertzen.
Nortzuk dira indultutako politikariak?
Hauek dira sedizio egotzita kartzelan sartu zituzten bederatzi politikariak: Oriol Junqueras Generalitateko presidenteorde ohia; Carme Forcadell Kataluniako Parlamentuko presidente ohia; Raül Romeva, Jordi Turull, Josep Rull, Joaquim Forn eta Dolors Bassa kontseilari ohiak; Jordi Sanchez ANCko buruzagi ohia eta JxCateko diputatua; eta Jordi Cuixart Omnium Cultural erakundeko presidentea.
Indultuak banaka eman badituzte ere, argudioak berberak dira kasu guztietan.
Espainiako Auzitegi Gorenak Meritxell Borras, Carles Mundo eta Santi Vila kontseilari ohiak ere zigortu zituen. Baina hiru horiek joan den ekainaren 8an bete zuten 20 hilabeterako ezarri zieten gaitasungabetzea. Dagoeneko zigorra osorik bete dutelako ez diete indultua eman.
Noiz utziko dituzte aske?
Litekeena da asteazken honetan bertan geratzea libre. Espainiako erregeak arratsalde honetan sinatuko du indultuak emateko agindua eta asteazken goizean argitaratuko dute dekretua Aldizkari Ofizialean. Une horretan, Gorenaren esku egongo da bederatzi politikariak aske uzteko agindua espetxeetara igortzea. Presoen abokatuen arabera, kaleratzeak 12:00etan gauzatuko dira.
Politikagintzan aritzeko eta kargu publiko izateko aukera izango dute?
Ez. Indultuak kartzelatik ateratzeko balio du, baina ez dio gaitasungabetzeko zigorrari eragiten. Gorenak 9 eta 13 urte arteko gaitasungabetzeak ezarri zizkien. Denbora tarte horretan, beraz, ezingo dute kargu publikorik izan, ezta erakunde publikoetan lan egin. Aitzitik, nork bere alderdiaren baitan karguak izateko eskubidea dute. Horren erakusgarri dira Oriol Junqueras eta Jordi Sanchez ERC eta JxCateko kide direla, hurrenez hurren.
Gobernuak atzera egiteko aukera dauka?
Ez. Indultuak erabaki irmoak eta atzeraezinak dira. Alabaina, Espainiako Gobernuak baldintza bat ezarri du: berriro delitu larririk eginez gero, indultuak baliorik gabe geratuko lirateke. Baldintza hori hiru eta sei urtea artean egongo da indarrean, auzipetuaren arabera. Delitu larriengatik bost urtetik gorako zigorrak ezar daitezke. Baldintza hori urratuz gero, indultua baliogabetuta geratuko litzateke eta bi zigorrak osorik bete beharko lituzkete.
Zergatik ezarri du Espainiako Gobernuak epe-muga hori?
Espainiako Gobernuak uste du indultatutako buruzagi independentistek eragin politiko eta sozial handia dutela une honetan Katalunian. Delitu larririk ez egiteko baldintza indarrean izango dute epealdia zehazterakoan, politikagintzan ari diren edota aldebakarreko bidea erabiltzeari uko egin dioten ala ez hartu duten kontutan.
Irizpide horren arabera, Junquerasi sei urteko epea ezarri diote; Sanchezi eta Cuixarti, bostekoa; eta Bassari hiru urtekoa. Gainerakoek hiru urtez bete beharko dute baldintza hori.
Helegiterik aurkeztu daiteke indultuen aurka?
Bai, Auzitegi Goreneko administrazioarekiko auzien salan jar daiteke errekurtsoa. Kasu horretan, Gorenak aztertuko du indultuak emateko baldintza formal guztiak bete diren eta erabakia behar bezala argudiatuta dagoen ala ez.
Indultuak zuzenean kaltetutako pertsonek soilik aurkeztu ahalko lukete helegitea, eta ez alderdi politikoek edo erakundeek. Bi hilabeteko epea dago errekurtsoa jartzeko.
Helegitea aurkeztuz gero, indultua bertan behera geratuko litzateke?
Automatikoki behintzat ez. Horretarako helegitea jartzen duenak kautelazko neurri gisa indultua behin-behinean bertan behera uztea eskatu beharko luke. Oraingoz Alderdi Popularrak, Voxek eta Ciudadanosek soilik iragarri dute errekurtsoa jartzeko asmoa.
Espainiako Gobernuak uste du balizko helegite horrek ez lukeela aurrera egingo, auzitegira jotzeko zilegitasunik ez dutela iritzita eta indultuak behar bezala oinarrituta daudela azpimarratuta.
Zer gertatuko da Carles Puigdemontekin eta erbestean dauden politikari katalanekin?
Indultuak ez du eraginik erbestera ihes egin zuten politikari katalanen egoeran, epaitu gabe daudelako.