Itxi

Koronabirusa

Pandemiari aurre egiteko legea onartu du Legebiltzarrak

EITB MEDIA

EAJren, PSE-EEren eta Elkarrekin Podemos-IUren aldeko botoekin eta EH Bilduren, PP+Csen eta Voxen kontrakoekin, onartu egin da covid-19aren pandemiaren kudeaketarako neurrien legea.

Osoko bilkura ostegun goizean Legebiltzarrean. Irudia: Legebiltzarra

Eusko Legebiltzarrak, Elkarrekin Podemos-IUren aldeko botoekin, EAJk eta PSE-EEk erregistratu duten pandemiaren aurkako legea onartu du. Horren bidez, segurtasun juridikoa eman nahi zaie erakundeek erkidegoaren pandemiari aurre egiteko hartzen dituzten murrizketei.

EAJren, PSE-EEren eta Elkarrekin Podemos-IUren aldeko eta EH Bilduren, PP+Csen eta Voxen kontrako botoekin, onartu egin da covid-19aren pandemiaren kudeaketarako neurrien legea. Testuak bost alerta maila ezartzen ditu, bakoitzarentzat muga zehatzak ezarrita, eta 100 eta 600.000 euro arteko isunak.

Ekainaren 8an Elkarrekin Podemos-IU koalizioak akordioa lortu zuen EAJrekin eta PSE-EErekin, Eusko Legebiltzarrean pandemiaren aurkako legea onartzeko. Hala, koalizioak aldeko botoa eman du asteazkenen honetan Legebiltzarrean, hasierako proiektuaren hainbat alderdi aldatzea adostu ostean.

Eztabaidan, Luis Javier Telleria EAJko legebiltzarkideak esan du legea 'ad hoc' egin dutela covid-19aren pandemiarako, eta indarrean egongo dela "pandemiak irauten duen bitartean". Gainera, hartzen diren neurriei segurtasun juridikoa ematea espero du, "eskumenak ahalik eta gehien estutzeko, egungo esparru juridikoa hautsi gabe".

Rebeka Ubera legebiltzarkidearen hitzetan, Legebiltzarrak "hilda, baliogabetuta" jaio den lege bat onartu du, "zaharkituta eta gaindituta" dagoelako. Uberak uste du lege hau Eusko Jaurlaritzak pandemia osoan izan duen kudeaketa ereduaren isla dela.

EH Bilduren iritzian, beharrezkoa da pandemiaren aurkako lege bat, baina denbora honetan zehar "zerbait ikasi dugula erakutsi eta praktikan jarri beharko dugu", azaldu du. Egungo egoerak beste neurri batzuk eskatzen dituela uste du parlamentariak: "Euskadik egitura sendoa eta babes juridikoa duten tresnak behar ditu pandemiari, aldaerei eta agerraldiei aurre egiteko".

Ekain Rico PSEko legebiltzarkideak azaldu duenez, lege zehatz bat da, egoera jakin baterako: covid-19ak sortutako osasun egoera. Horregatik, ez da "edozein egoera pandemikotan aplikagarria" izango.

Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemos-IUko legebiltzarkideak herritarrei erantzun bat emateko prest egon behar dutela azaldu du ostegun honetan legebiltzarkideak. "Ezin ditugu legeak egin ateratzen zaigun egunaren arabera, begirada globalarekin eta ausardiarekin egin behar ditugu", adierazi du.

"Bai, esan genuen, berandu iritsi da", baina egin diren aldaketak direla medio, orain legea askoz ere hobea dela nabarmendu du parlamentariak. "Beti sinetsi izan dugu gehiago pedagogian zigorrean baino". Pandemiaren aurkako legearen aldaketetako bat, hain justu, legearen zehapen-araubidearekin lotuta dago, Elkarrekin Podemos-IUk hasieratik zalantzan jarri duen puntuetako bat.

Laura Garridok (PP+Cs), bere aldetik, legearen ibilbidea "eskasa eta baliogabea" izango dela kritikatu du.

Gainera, Elkarrekin Podemos-IUrekin egindako akordioa "blindatuta" zegoela uste du, eta bertan dauden taldeek "Madrilen dauden eta hemen ere izan nahi dituzten aliantzen artean dagoen akordio bat janzteko konpromisoa hartu dute".

Amaia Martinez Arabako Vox alderdiko ordezkariak, berriz, lege berria "Konstituzioaren aurkakoa" dela eta "ez dela beharrezkoa" esan du.

"Maskarak etxeko ia terrazatan ere erabiltzea onartuko dute, Espainiako Gobernuak eremu publikoetan maskararen erabilera murriztu nahi duen egun berean", adierazi du.

Eusko Legebiltzarrean pandemiaren aurkako legea onartu ostean, aurrerantzean murrizketei segurtasun juridikoa emateko legea izango du Euskadik.

Albisteak (5)

Bideoak (1)