Memoria historikoa
Laster abiatuko dituzte biktimak hobitik ateratzeko lanak Erorien Haranean
EITB MEDIA | AGENTZIAK
San Lorenzo de El Escorialeko Udalak exhumazioa martxan jartzeko falta zitzaion baimena eman dio Espainiako Gobernuari.
Datarik zehaztu ez badu ere, Espainiako Gobernuak iragarri du laster abiatuko dituztela Gerra Zibileko eta frankismoaren biktimak Erorien Haranetik desobiratzeko lanak; izan ere, San Lorenzo de El Escorialeko Udalak obrak martxan jartzeko baimena eman dio jada.
Joan den apirilean eskatu zion baimena, Erorien Haranean sartzeko eta dena egokitzeko, basilikako kriptetan hobiratu zituzten biktimak identifikatzeko eta handik ateratzeko.
Aurrez, Espainiako Gobernuaren Ministroen Kontseiluak 665.000 euroko aurrekontua onartu zuen exhumazioa gauzatu ahal izateko.
Egitasmoaren arabera, hainbat obra egin beharko dituzte, ondoren kriptetan segurtasunez lan egiteko.