Itxi

Poliziaren biktimak

Egiari Zorrek aitortza eskaerak egiteko galdegin die indarkeria polizialaren biktimei

Agentziak | EITB Media

Leer en Castellano

Fundazioaren hitzetan, Eusko Jaurlaritzak indarkeria polizialaren 35 biktima aitortzea "urrats garrantzitsua da", baina errekonozimenduok "puzzle horretako pieza txiki bat baino ez" dira.

Egiari Zorren ekitaldi baten artxiboko argazkia

Egiari Zor Fundazioa indarkeria polizialaren biktima guztiei zuzendu zaie, prentsaurreko batean, aitortza eskaerak egin ditzaten eskatzeko. Eskaera Torturaren Biktimen Aldeko Nazioarteko Egunean egin du fundazioak, Eusko Jaurlaritzak Poliziaren 35 biktimei aitortza ofiziala egin dien egun berean.

Prentsaurrekoan irakurritako oharrean, bozeramaileek azaldu dute 35 aitortza horiekin aurrerapauso bat eman dela. Gainera, beharrezkotzat jo dute Poliziaren biktima guztiek aitortza eskaerak egitea, urtea amaitu baino lehenago.

Jaurlaritzaren omenaldiaz ere jardun dira fundazioko ordezkariak, eta indarkeria polizialaren atzean motibo politikoak egon direla onartzea "puzzle horretako pieza txiki bat baino ez" dela adierazi.

Hala, defendatu dute "Estatuaren biktimen aitorpen ofizialak" urte luzeetan jasandako "diskriminazio egoera" gainditzen lagunduko duela, eta pairatutako giza eskubideen urraketak erreparatzeko bideari ekiten lagunduko duela.

Azkenik, fundazioko kideek esan dute indarkeria "praktikara eraman zuten gobernuek dagozkien erantzukizunak beren gain hartzeko" unea dela. "Zoritxarrez, torturaren biktimok hamarkada luzeetan jasan dugu erakundeen ukazioa, eta horrek zigorgabetasuna eta krimen hori betikotzea ere ahalbidetu besterik ez du lortu", gaineratu dute Egiari Zorreko bozeramaileek.

Eusko Jaurlaritzaren aitortza

Bilboko Euskalduna Jauregiko ekitaldian, Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Politika Sozialen sailburuak azpimarratu du omenduak "giza eskubideen urraketa larrien biktimak" direla.

Eusko Jaurlaritzaren ordezkariak esan du indarkeria poliziala "bidegabea" izan dela, eta arrazoi politikoak egon direla tartean. Jaurlaritzak biktimen egia aldarrikatu nahi duela adierazi du sailburuak, "siglarik gabeko egia, ideologia eta kolore politikotik haratago" dagoena.

Sailburuaren agerraldia bukatzean, biktimek hartu dute hitza. Aitortza berresten duen dokumentu sorta jasota, hainbatek haien testigantzak kontatu dituzte.

Omendutako biktimak, Bilbon. Argazkia: Gobierno Vasco

Albisteak (3)