Itxi

POLIZIA INDARKERIAREN BIKTIMAK

Torturetan izan duten ardura onartzeko eskatu die Foro Sozialak gobernuei

E.J. | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Bake Prozesua Indartzeko Foro Sozialak garrantzi handia ematen dio larunbat honetan Eusko Jaurlaritzak 35 biktima omentzeko egindako ekitaldiari, baita Balorazio Batzordearen lanari ere.

Kukai dantza taldea Euskaldunan izan zen biktimen omenezko ekitaldian. Argazkia: Irekia

"Oso positibotzat" jo du Foro Sozialak atzo Eusko Jaurlaritzak Bilboko Euskalduna Jauregian polizia indarkeriaren biktima izandako 35 lagun omentzeko antolatutako ekitaldia, baita Balorazio Batzordeak egindako lana ere: "Ekimen guztiz beharrezkoa da, eta Estatuko indarkeriaren biktima batzuen aitortza publikoan eta ofizialean aurrera egin da. Horrez gain, giza eskubideen urraketa horiek konpontzeko bidean jarri ditu".

Gauzak horrela, eragile askoren lanari esker, "ekainaren 26a konponbidearen agendan gorriz markatuta geratu da", adierazi du plataformak komunikabideetara bidalitako oharrean.

Bake Prozesua Indartzeko Foro Sozialaren iritziz, torturaren biktimei dagokienez, "adostasunak eraikita daude. Hainbat hamarkadatan Estatuaren biktimen sufrimendua areagotzen eta babesgabetasunean sakontzen zuten susmoekin amaituko da guztion lanari esker".

Erreparazioaren bidean zein elkarbizitza demokratikoaren eraikuntzan aurrera egiteko, bi gauza eskatu ditu Foroak: batetik, "torturaz baliatu diren Estatuko Segurtasun Indarren erantzukizuna izan duten gobernuei, jardunbide horretan duten erantzukizuna beren gain hartzeko", eta, bestetik, "gure herriko eragile instituzional eta politikoek berariazko konpromisoa har dezatela torturaren biktimak dagozkien eskubideez hornitzen jarraitzeko".

Horren esanetan, azken aste hauetan atzerapauso batzuk eman dira Estatuaren biktimen tratamenduari dagokionez, eta hori arrazoitzeko "biktima ezberdinen inguruan hartutako erabaki judizialak, erakundeek biktimen talde ezberdinei emandako erantzunak, Gasteizko Memoriaren Zentroak izandako kritikak eta zenbait politikarik egindako adierazpenak" aipatu dituzte.

4.113 kasu jaso zituzten EAEn torturari buruz egindako txostenean

Bestalde, Foro Sozialak gogorarazi du Eusko Jaurlaritzaren agindupean Euskal Herriko Unibertsitateko Kriminologiaren Euskal Institutuak egindako txostenean, sinesgarritasun "sendoa", "oso sendoa" edo "bereziki sendoa" eman ziela Guardia Zibilak, Polizia Nazionalak eta Ertzaintzak 1960 eta 2014 bitartean egindako 4.113 tortura kasuri. Istanbulgo Protokoloaren aplikazioan oinarritu zen azterlana, eta datuhori benetako datuaren azpitik egon liteke, txostenak berak jaso duenez.

Hala ere, 103 tortura kasu bakarrik onartu dira ofizialki orain arte: epai judizial bidez gutxi batzuk eta Eusko Jaurlaritzaren 107/2012 Dekretuan beste batzuk. Kopuru horri 12/2016 Legearen baitan atzo aitortutako lehen 35 tortura-kasuak gehitu behar zaizkio orain.

Horren aurrean, biktima hauek "egiarako, justiziarako eta erreparaziorako duten eskubidea" aldarrikatu du Foro Sozialak.

Albisteak (4)

Bideoak (1)