ipar euskal herria
Jean-Jacques Lasserre izango da Pirinio Atlantikoetako presidentea
O. P. | eitb media
54 kontseilari hautatu berrietatik 38ren babesa jaso du Lasserre zentro-eskuindarrak. Presidentetzarako bigarren hautagaiak, EH Baiko Iker Elizaldek, bere alderdiaren bi botoak jaso ditu.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Jean-Jacques Lasserre izango da Pirinio Atlantikoetako presidentea datozen sei urteetan. Zentroko hautagaiak zentro-eskuinaren aldeko 38 boto jaso ditu, 11 boto zuri izan dira eta 3 baliogabeak.
Pasa den igandean Pirinio Atlantikoetako hauteskundeen bigarren itzulian Paueko Nafarroako biltzarra osatu duten 54 kontseilariak hautatu zituzten herritarrek. Horren ondotik, Pauen bildu dira guztiak gaur goizean, ganbera osatu eta agintaldi berrirako presidentea hautatzeko.
Hala, Jean-Jacques Lasserre (Bidaxune, Nafarroa Beherea, 1944) hautatu dute departamentuko kontseiluko presidente. Bigarrenez hartuko du kargua, 2001etik 2008ra ere izan baitzen postu horretan.
Horrez gainera, presidentetzarako hautagaitzarako aurkeztu da, iragarri bezala, Hendaya-Hego Kostaldeko kantonamenduan garaile ateratako EH Bai-ko ordezkari Iker Elizalde ere, eta bere alderdiaren bi botoak jaso ditu hark.
Guztira 24 dira Nafarroako biltzarrean izango diren euskal kantonamenduetako ordezkariak, 12 kantonamenduetako bakoitzetik bi. Zentro eskuinak 11tan irabazi zuenez, 22 izango dira gehiengo departamentaleko ordezkariak eta, gainerako biak, EH Baiko Hendaiako Annie Poveda eta Iker Elizalde izango dira.
Akitania Berrian mantendu egingo da datozen 6 urtetarako presidentetza, izan ere, ekainaren 27an itxitako hauteskundeetan, bozen % 39,51ko babesa eta gehiengoa eskuratu zuen Alain Rousset sozialistak. Rousset bosgarren aldiz erreskadan eseriko da aulki nagusian (eskualdeko presidente da 1998az geroztik).