Kitchen Operazioa
Villarejok berretsi egin du Rajoy Barcenasen ustezko espioitzaren jakitun zela
EITB MEDIA
Gainera, Fernandez-Diaz, Cospedal eta Saenz de Santamaria ere tartean zirela azaldu ditu Kitchen Operazioari buruz egindako adierazpenetan.
Jose Manuel Villarejo komisarioak epailearen aurrean deklaratu du berriro ostiral honetan, 'Kitchen Operazioa'ren harira. Luis Barcenas PPko diruzain ohiari egindako ustezko espioitzaren inguruan Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidente ohiarekin mezu bidez hitz egin zuela berretsi du. Hala, Maria Dolores de Cospedal, Jorge Fernandez Diaz eta Soraya Saenz de Santamaria Gobernuko beste kide batzuk ere inplikatu ditu komisarioak.
Galdeketan parte hartu duten iturrien arabera, Villarejok berretsi egin du Kitchen auziarentzat hasi zela lanean, Barne Ministerioak hala eskatu ziolako. Oraingoan, bere deklarazioetan sartu ditu baita ere Fernandez Diaz ministroa, Francisco Martinez Segurtasunerako Estatu idazkari ohia, Ignacio Cosido Poliziako zuzendari nagusi ohia eta Eugenio Pino zuzendari laguntzaile operatiboa (DAO).
Era berean, Rajoyren telefono zenbakiak eman zizkiotela azaldu du, mezu bidez berarekin komunikatzeko erabili zituenak. Komisarioaren arabera, Gobernuko presidentea ez zen fidatzen Barne Ministerioak Kitchen auziari buruz ematen zion informazioaz, eta beste komunikazio kanal bat bilatzearren jarri zen berarekin harremanetan.
Horrekin batera, Maria Dolores de Cospedalekin zuen harremana argitu du, eta ministro zela berarekin bildu zela aitortu du. Hala, komisarioa Cospedali jende asko ezagutzen zuen agente ohi gisa aurkeztu zutela azaldu du, baina inoiz ez ziola enkargu zehatzik egin. Villarejoren arabera, partekatutako guztia informazio judizializatua izan zen.
Halaber, Saenz de Santamariak bidalitako loturaren batekin hitz egiten zuela esan du. Izan ere, Barcenasi egindako espioitzari dagokionez, presidenteordea CNIko arduradun nagusi gisa informatu zutela uste du. Horrez gain, 'Kitchen' a zeharka ezagutzen zuela gaineratu du, nahiz eta ez duen argitu izan nahi informatzen zuten pertsona horiek nortzuk ziren.
Villarejok Fernandez Diazekin izandako harremana azpimarratu nahi izan du bereziki. Horren arabera, hainbat aldiz bildu zen ministroarekin, eta 'Kitchen' aren garapenean paper garrantzitsua izan zuen. Hala ere, susmatzen du operatiboa martxan jartzeko ekimena ez zela berea izan, Rajoyrekin edo presidenteordearekin adostu zuela baizik.
Sanchez Galanen inputazioa, bertan behera
Ignacio Sanchez Galan Iberdrolako presidentearen deklarazioa bertan behera utzi du Auzitegi Nazionaleko Instrukzioko sei zenbakiko epaitegi zentraleko titularrak, Jose Villarejo komisario ohiari eskatutako lanak direla eta.
Ostiral honetako probidentzia batean, epaileak bost eguneko epean Iberdrolak eskatutako "deuseztasunaren berri" emateko eskatu die ustelkeriaren aurkako Fiskaltzari eta gainerako alderdiei, Iberdrolaren egoera prozesala konpontzeke dagoelako.
Ebazpena eman ondoren, epaileak gaineratu duenez, "hala badagokio, beste seinalamendu bat egingo da", argindar enpresak Villarejoren zerbitzuak kontratatu ote zituen argitzeko, besteak beste, Florentino Perez ACSko presidentea zelatatzeko.
Enpresaren ordezkaritza legalak Jose Antonio del Olmo Kontrol Korporatiboko arduradun ohiaren aurka 2020ko urtarrilean aurkeztu zuen kereila ekarri du gogora, ustez berak egindako dokumentu bat faltsutzeagatik, Villarejo komisario ohiaren "Cenyt" enpresa bati egindako ordainketez ohartarazteko.
Epaileak kasuari dagozkion izapideak pilatu zituen orduan. Hala ere, konpainia "harrituta" agertu da, ia urtebete igaro ostean, "oraindik ez dakielako zer gertatu den" edo frogarik baduten.
Hori dela eta, maiatzaren 27tik ekainaren 25era bitartean hartutako erabaki guztiak baliogabetzea eta auzia une horretara atzera eramatea eskatzen du, defentsa-eskubidea gauzatu ahal izateko.