Auzitegi Nazionala
13/13 sumarioaren epaiketaren aurka mobilizatzeko deia egin du EH Bilduk
I.R. | EITB Media
Koalizio subiranistak uste du "bakerako unea" dela, eta ez “indarkeriak errepikatzekoa". Hori dela eta, prozesuaren kontrako manifestazioak egingo dituzte larunbatean Bilbon eta Donostian.
Datorren astelehenean, uztailaren 12an, emango diote hasiera Auzitegi Nazionalean ezker abertzaleko 8 kideren aurkako 13/13 sumarioaren epaiketari. Horren aurrean, EH Bilduk nabarmendu du "konponbiderako unea" dela, eta ez sufrimendu-gertaera berriak sortzekoa. Era berean, bakerako eta espetxeak husteko garaia dela aldarrikatu du, eta "ez indarkeriak errepikatzekoa eta kartzelako berriz betetzekoa". Hori guztia dela eta, larunbat eguerdian Bilbon eta Donostian egingo dituzten mobilizazioetan parte hartzeko deia egin du koalizio abertzaleak.
Prentsaurrekoan, EH Bilduko parlamentari Maddalen Iriarte eta Julen Arzuagak deitoratu dute luzea dela herri-mugimendu, eragile politiko eta jarduera profesional "guztiz legitimoen" aurkako makro-prozesuen katea. Horren harira, adibide moduan jarri dituzte, besteak beste, Egin eta Egunkaria hedabideen itxiera, Herriraren aurkako sumarioa eta Bateragune auzia; azken hori, gogoratu dutenez, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak baliogabetu zuen.
EH Bilduko kideek azpimarratu dute, guztira, 426 pertsona akusatu dituztela 1998tik "beren jarduera politikoagatik, beren ideiengatik, eurak izateagatik edo ordezkatzen zutena ordezkatzeagatik". Era berean, deitoratu dute horietatik, gehienek, gainera, oso kondena luzeak jasan zituztela, "isolamendu eta sakabanatze baldintza gogorretan".
"Makro-prozesu politikoak, orokorrak, berariaz ad hoc sortutakoak, jarduera politikoak, sozialak, komunikatiboak, elkartasunekoak eta nazio eraikuntzakoak kriminalizatzeko eta zigortzeko sortutakoak izan dira. Oinarrizko eskubideen urraketa etengabean eta sistematikoan oinarritutako prozedurak eta zigorrak", salatu dute.
Horren harira, deitoratu dute "dena ETA da" delakoaren "interpretazio estrafalarioa" indarrean jarraitzen duela 25 urte beranduago, erakunde horrek bere jarduera armatuaren amaiera iragarri zuenetik 10 urtera, eta behin-betiko desagertu zenetik 3 urtera.
Hala, aitzakia horrekin, kritikatu dute espainiar Estatuko "kontrolik gabeko" botereek eremu politikoa lokaztu nahi dutela, eta baita "herri hau etengabeko xantaiaren pean mantendu, errepresio eta kartzelaren etengabeko mehatxupean".
Balio demokratikoetan sinetsi eta bakea eta bizikidetza eraikitzeko bidean aurrera egin nahi duten herritarrak mobilizazioetan parte hartzera deitzen ditugu.
— EH Bildu (@ehbildu) July 5, 2021
Bakerako unea da, ez indarkeriak errepikatzekoa.
Espetxeak husteko unea da, ez berriz betetzekoa.
@MaddalenIriarte pic.twitter.com/fPxJhvPRrd
Ezinegona epaiketaren aurrean
Arzuaga eta Iriartek azpimarratu dute "kezka handiz" ikusten dutela 13/13 sumarioaren irekiera. Gogoratu dute Arantza Zulueta, Iker Sarriegi, Jon Enparantza, Julen Zelarain, Naia Zuriarrain, Saioa Agirre, Nerea Redondo eta Juan Mari Jauregiren aurka 77 urte baino gehiagoko kartzela zigorrak eskatu dituztela "beren jarduera profesionalagatik eta motibazio politikoko presoei elkartasuna adierazteagatik".
Horren aurrean, deitoratu dute, berriz ere, prozedura horretan "frogaren praktikaren irregulartasunak, salaketa bitxien fabrikazioa eta torturaren itzala" egon direla. Era berean, nabarmendu dute atxiloketa, inkomunikazio eta espetxeratze haietatik 11 urte igaro ondoren, auzipetu askok dagoeneko zigorra bete dutela, eta berriro ere gertaera horiengatik epaituko dituztela.
EH Bilduko kideek azpimarratu dute ezin direla eskuak gurutzatuta gelditu "torturapean erauzitako deklarazioei buruzko kondena eta kartzelarekin mehatxatzen duten egitura legal eta jurisdikzionalen aurrean". Hala, nabarmendu dute Espainiako Estatuko "sakoneko botereek" ezin dutela barneratu "herri honek bakea, bizikidetza eta konponbidea lortzeko egiten dituen ahaleginak", eta salatu dute horiek "errezeta bakarra" dutela: "Pertsona, familia eta herri honi sufrimendu gehiago ekartzea".
Manifestazioetan parte hartzeko deia
Auzipetuei, haien familiei eta hurbilekoei elkartasuna adierazi ondoren, Arzuagak eta Iriartek dei egin diete "balio demokratikoetan sinesten duten eta bakea eta bizikidetza eraikitzeko bidean aurrera egin nahi duten" euskal herritarrei datozen egunetan izango diren mobilizazioetan parte hartzera: "EH Bildu larunbat eguerdian Bilbon eta Donostian deitutako mobilizazioetan izango da, eta bertan parte hartzera deitzen ditugu herritarrak".
Azkenik, EH Bilduk bakea eraikitzeko konpromisoa berritu nahi duela gogoratu dute bozeramaile soberanistek, "baita herri honetako bizikidetzaren aldeko apustu eztabaidaezina ere, eta herri honetako gatazka politiko latzaren ondorio guztiak konpontzeko erabakia".