Itxi

Aldaketak Espainiako Gobernuan

Sanchezek eraldaketa sakona egin du Espainiako Gobernuan, susperraldi ekonomikoa bultzatzeko

Agentziak | EITB Media

Leer en Castellano

Espainiako Gobernuko presidentearen esanetan, susperraldia "sozialagoa, berdeagoa, digitalagoa eta feministagoa" izan behar da. Bere iritziz, elkarrizketa soziala eta adostasuna dagoenean soilik lortuko dira helburuak.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Pedro Sanchez Espainiako presidenteak bere gobernuaren birmoldaketa sakona iragarri du larunbat honetan, susperraldi ekonomikoa eta soziala bultzatzeko asmoz. Besteak beste, Carmen Calvo lehen presidenteordea, Arancha Gonzalez Laya Kanpo Arazoetako ministroa eta Pedro Duque Zientzia ministroa kargutik kentzea erabaki du.

Calvoren ordez, Sanchezek Felix Bolaños (orain arte Presidentetzako idazkari nagusia izan dena) jarri du Presidentetzaren, Gorteekiko Harremanen eta Memoria Demokratikoaren Ministerioan.

Halaber, Nadia Calviño Ekonomia Gaietarako arduraduna, Lehen Presidenteordea izango da aurrerantzean. Testuinguru horretan, Yolanda Diaz Unidas Podemoseko buru eta Lan arduraduna bigarren presidenteordea izango da, eta Teresa Ribera, hirugarrena (orain arte laugarrena izan da).

Arancha Gonzalez Layaren ordez, berriz, Jose Manuel Albares (Espainiak Frantzian duen enbaxadorea) izango da Kanpo Arazoetako ministro berria.

Diana Morant Gandiako (Valentzia) alkatea, Zientzia eta Berrikuntza ministro berria izango da, Pedro Duqueren ordez.

Bestalde, Miquel Iceta (orain arte Lurralde Politika eta Administrazio Publikoko ministroa izan dena), Kultura eta Kirol ministro berria izango da, Jose Manuel Rodriguez Uribesen ordez, 19 hilabetez karguan egon ondoren.

Hala, Isabel Rodriguez Puertollanoko (Ciudad Real) alkatea izango da Lurralde Politikako ministro berria, Miquel Icetaren ordez. Horrez gain, Espainiako Gobernuko bozeramailea izango da, Maria Jesus Monteroren ordez.

Juan Carlos Campo Justizia ministroak ere kargua utziko du, eta Pilar Llop Senatuko presidenteak beteko du.

Jose Luis Abalosek, bestalde, Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioa utziko du. Aurrerantzean, Raquel Sanchez Gavako alkateak beteko du kargua.

Pilar Alegria, orain arte Espainiako Gobernuak Aragoin zuen ordezkaria, Hezkuntza eta Lanbide Heziketako ministro berria izango da, Isabel Celaaren ordez.

Gainera, Ivan Redondo, bere kabinete-burua, Espainiako Gobernutik atera da, eta Oscar Lopez izango da bere ordezkoa.

Dena dela, Fernando Grande-Marlaskak Barne Ministerioan jarraituko du, eta Margarita Roblesek Defentsa Ministerioan. Carolina Dariasek ere Osasun ministro izaten jarraitzen du, eta Maria Jesus Monterok Ogasun Ministerioaren aurrean.

Sanchezek gaur jakinarazi dizkio Felipe VI.ari ordezkatutako ministroen eta haien ordezkoen izenak. Ondoren, Moncloak aldaketa horien berri emango du, eta kide berriek astelehenean hartuko dute kargua.

Dena dela, aldaketek ez dute eraginik izan Unidas Podemosek Espainiako Gobernuan dituen bost ministerioetan, baina Exekutiboaren koordinazio-egiturei eragingo diete. Unidas Podemosi dagokion ordezkaritza Yolanda Diazek negoziatu du aste honetan.

Eraberritutako koalizio-gobernuaren osaketa:

- Presidentea: Pedro Sanchez

- Lehen presidenteordea: Nadia Calviño (bigarren presidenteordetzatik lehenengora igaro da. Ekonomia eta Tranformazio Digitaleko Ministerioarekin jarraituko du).

- Bigarren presidenteordea: Yolanda Diaz (hirugarren presidenteordetzatik bigarrenera igaro da. Lan eta Gizarte Ekonomia Ministerioarekin jarraituko du).

- Hirugarren presidenteordea: Teresa Ribera (laugarren presidenteordetzatik hirugarrenera igaro da. Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako ministroa izaten jarraitzen du).

- Presidentetza, Gorteekiko Harremanetarako eta Memoria Demokratikorako ministroa: Felix Bolaños (Carmen Calvo ordezkatu du).

- Kanpo Arazoetako, Europar Batasuneko eta Lankidetzako ministroa: Jose Manuel Albares (orain arte Espainiako enbaxadorea Parisen). Arancha Gonzalez Laya ordezkatu du).

- Justizia ministroa: Pilar Llop (Senatuko presidente kargua utzi du. Juan Carlos Campo ordezkatu du).

- Defentsa ministroa: Margarita Robles (aldaketarik gabe jarraitzen du).

- Ogasun eta Funtzio Publikoko ministroa: Maria Jesus Montero (Gobernuko bozeramaile lanak utzi ditu, baina Ogasun Ministerioa mantentzen du).

- Barne ministroa: Fernando Grande-Marlaska (berdin jarraitzen du).

- Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda ministroa: Raquel Sanchez Jimenez (Gavako alkatea, Jose Luis Abalosen ordez).

- Hezkuntza eta Lanbide Heziketako ministroa: Pilar Alegria (orain arte Espainiako Gobernuak Aragoin zuen ordezkaria).

- Industria, Merkataritza eta Turismo ministroa: Reyes Maroto (aldaketarik gabe jarraitzen du).

- Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura ministroa: Luis Planas (berdin jarraitzen du).

- Osasun ministroa: Carolina Darias (bere horretan jarraitzen du).

- Lurralde Politika eta Gobernuko bozeramailea: Isabel Rodriguez (orain arte Puertollanoko -Ciudad Real- alkatea izan da). Miquel Iceta ordezkatu du Lurralde Politikan, eta Maria Jesus Montero bozeramailetzan).

- Kultura eta Kirol ministroa: Miquel Iceta (Jose Manuel Rodriguez Uribes ordezkatuko du eta Lurralde Politika utziko du).

Eskubide Sozialen eta 2030 Agendaren ministroa: Ione belarra (Podemos. Mantendu egiten da).

- Zientzia eta Berrikuntza ministroa: Diana Morant (Gandiako alkatea. Pedro Duque ordezkatuko du).

- Berdintasun ministroa: Irene Montero (Podemos. Aldaketarik gabe jarraitzen du).

- Kontsumo ministroa: Alberto Garzon (Podemos. Berdin jarraitzen du).

- Gizarteratze, Gizarte Segurantza eta Migrazio ministroa: Jose Luis Escriva (bere horretan jarraitzen du).

- Unibertsitate ministroa: Manuel Castells (Podemos. Aldaketarik gabe jarraitzen du).

Susperraldi "sozialagoa, berdeagoa, digitalagoa eta feministagoa"

Espainiako Gobernuaren eraldaketa sakon horren berri eman ostean, susperraldia "sozialagoa" izan behar dela esan du Sanchezek, bestela herritarren arteko desberdintasuna areagotuko baita, 2008ko krisiaren ondorioz gertatu zen moduan. Hori dela eta, susperraldia herritar guztiengana iritsi behar da, digitala eta berdea izan behar da, "covid-19ak eragindako krisiaren ondoren larrialdi klimatikoa saihestu behar delako". Horrez gain, etorkizuna feministagoa izan behar dela azpimarratu du.

Bere iritziz, elkarrizketa soziala eta lurraldeen arteko adostasuna dagoenean soilik lortuko dira helburuak. "Gaur bertan, susperraldiaren gobernua martxan jartzen da, historiako zorigaitzik larriena gainditzeko eta lurralde hobe bat lortzeko", azpimarratu du Sanchezek.

Kazetarien aurrean egindako agerraldian, koalizio-gobernua gaztetu eta emakumeen pisua % 60tik gora handitu duela nabarmendu du.

Lehen aldaketak

Asteak zeramatzan Espainiako Gobernuaren birmoldaketa zabal baten zurrumurruak. Alabaina, Madrilgo Erkidegoko hauteskundeen emaitzen ondoren (Isabel Diaz Ayusok garaipen zabala lortu zuen), eta Ministroen Kontseiluak Kataluniako buruzagi independentisten indultuak onartu ostean, indarra hartu zuen Espainiako Gobernuan aldaketak egiteko aukera horrek.

Birmoldaketa horren inguruko zurrumurruen ondorioz, Moncloak atzera egin behar izan zuen, eta ohar bat kaleratu zuen ekainaren hasieran. "Zurrumurru edo usteen" aurrean, Sanchez pandemiaren aurkako borrokan, txertaketa-prozesuan, krisi ekonomikoa gainditzean eta Kataluniarekin berriz elkartzeko agendan arduratuta zegoela nabarmendu zuen Moncloak.

Hain zuzen ere, legegintzaldiaren bigarren zati honetan, Espainiako Gobernua politikoki indartzeada aldaketa horien helburu nagusia. Izan ere, arreta berezia jarriko da Kataluniarekin hasi berri diren negoziazio berrien bilakaeran, koronabirusak eragindako pandemia behin betiko gainditzean eta Europako funtsen erabilera ekonomikoan.

Gainera, inkesta batzuen arabera, PPk hauteskundeetan galdutako babesa berreskuratu du azkenaldian, eta hauteskunde orokorrak deituz gero, irabazteko aukera izango luke.

2020ko urtarrilean Espainiako Gobernua osatu zenetik, Sanchezek bi aldaketa baino ez ditu egin orain arte. Lehena, 2021eko urtarrilean izan zen, Salvador Illa orduko Osasun ministroak Gobernua utzi zuenean Kataluniako hauteskundeetara aurkezteko. Carolina Darias orduko Lurralde Politikako ministroak ordezkatu zuen, eta Miquel Iceta PSCko buruzagiak hartu zuen libre geratu zen kargua.

Bi hilabete geroago, martxoan, Pablo Iglesias Podemoseko buruzagi ohiak Exekutiboa utzi eta Madrilgo Erkidegoko hauteskunde autonomikoetan bere alderdiaren hautagaia izango zela iragarri zuen. Erabaki horrek, bigarren birmoldaketa eragin zuen, Unidas Podemosen ministerioetan bakarrik, baina presidenteordetzaren egitura aldatu zuen.

Zehazki, Iglesiasen lekua Ione belarra Agenda 2030eko Estatu idazkariak hartu zuen, Gizarte Eskubideen eta 2030erako Agendaren Ministerioan. Eta Yolanda Diaz orduko Lan ministroak hirugarren presidenteordetza eta Unidas Podemosen lidergoa hartu zuen. Hala, bera izan da Sanchezekin birmoldaketa zabala negoziatu duena, eta, dirudienez, aldaketa berriek ez dute eraginik izango Unidas Podemosek dituen bost ministerioetan.

Albisteak (3)

Bideoak (3)

Informazio gehiago (1)