Autodeterminazio eskubidea
Pirinioetako 400 tontor argiztatuko dituzte Euskal Herriko eta Kataluniako burujabetzaren alde
Agentziak | EiTB Media
Horrela, Gure Eskuk, ANCk eta Omnium Culturalek "nazioartearen arreta bereganatu nahi dute", "herrien autodeterminazio eskubidean" jartzeko. Ekimen bateratua 2022ko uztailaren 2an eramango dute aurrera.
Pirinioetako 400 tontor argiztatzeko asmoa dute, "Higer lurmuturretik Creusera", Euskal Herriaren eta Kataluniaren subiranotasuna aldarrikatzeko eta "nazioartearen" arreta bereganatzeko.
'Pirinioetako Bidea' ekimena aurkeztu dute Errenterian (Gipuzkoa) eta Katalunian aldi berean. Horretarako, Aiako Harrian eta Pedraforcan argiak piztu dituzte, 2022ko uztailaren 2an 400 tontorretan egin nahi dutenaren aperitibo bezala.
Aiako Harrian argiak piztearekin batera, Gure Esku plataformak ekitaldia egin du Errenteriako Orereta ikastolan, tontorra bertatik argiztaturik ikusteko aukera zegoelako. Ekimen bateratua datorren urtean aurrera eramango dela jakinarazi dute.
Josu Etxaburu Gure Eskuko bozeramaileak, David Fernandez ANCko presidenteordeak, Blanca de Llobet Omnium Culturalen zuzendaritzako kideak eta Oihana Azkorbebeitia mendi-korrikalariak parte hartu dute ekitaldian.
¿Askatasunaren bidea argiztatuko dugu. Etorkizun hobeago batekin amets egingo dugu, bizitza hobeago batekin guzti-guztientzat. Aurrera egingo dugu determinazioz, gailurra zain daukagu, eta iritsiko gara! #PirinioetakoBidea #ViaPirinenca pic.twitter.com/2l6Nd5v3oQ
— Gure Esku (@Gure_Esku) July 10, 2021
Ekimenaren helburua 400 mendi baino gehiago argiztatzea izango da, "Pirinioetako mutur batetik bestera argi lerro bat sortu, 430 kilometrotan zehar, Mediterraneo itsasoa eta Atlantiko ozeanoa lotuz", azaldu du Gure Eskuk.
Horrela, mugimenduek "nazioartearen arreta bereganatu nahi dute", "herrien autodeterminazio eskubidean" jartzeko. Era berean, "harresiak botatzeko eta irtenbide demokratikorako bideak zabaltzeko" laguntza bildu nahi dute.
Ekimena deitu duten elkarteetako bozeramaileek salatu dutenez, Espainiako Estatuak "indarkeria, errepresio eta kartzelarekin erantzuten dio oinarrizko eskubideen eta boto-eskubidearen ariketari", kataluniarrek eta euskal herritarrek "nahi legitimo eta demokratikoei" eta "askatasun gogoei" uko egin diezaieten.
"Ez dute lortuko etsitzea, jendearen indarra dugulako, bidea egiten eta oztopoak gainditzen jarraitzeko prest, tontorra zapaldu arte", azaldu dute.
Jose Antonio Agirre lehendakariak eta Lluis Companys presidentak "erbestearen bidea elkarrekin hasi zutenetik, Pirinioak Jonqueratik hurbil zeharkatuz", hurrengo belaunaldiei mezu bat utzi zieten: "Gure borrokak partekatuak dira, askatasunaren bidea ere partekatu dezagun".
"Honenbestez, mobilizazio bateratu honekin, indarrak batzeko eta elkarlanerako konpromisoa berretsi nahi dugu, erabateko burujabetza lortzeko bidean", errepikatu dute.
¿ @MarcelMauri: "No aconseguiran que desistim, perquè comptem amb la força de la gent, disposada a continuar caminant i a superar obstacles per fer cim" pic.twitter.com/bxNkSzMak8
— Òmnium Cultural (@omnium) July 10, 2021