Itxi

PSE-EE

Mendiak Sanchezen eta Casadoren proiektuak kontrajarri ditu Gobernu birmoldaketaren biharamunean

Agentziak | EiTB Media

Leer en Castellano

PSE-EEko idazkari nagusiaren hitzetan, Sanchezen proiektuak Espainia "modernizazio berde, feminista eta anitz" batera eraman nahi du; Casadorenak, aldiz, "desberdintasuna areagotu eta aniztasuna ukatu" nahi du.

Euskadiko aurreneko elkarte sozialistaren 135. urteurrena ospatzeko ekitaldia. Argazkia: PSE-EE

Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusi eta lehendakariordeak Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuaren eta Casadoren proiektuak kontrajarri ditu Exekutibo birmoldaketaren biharamunean. Mendiaren ahotan, Sanchezen proiektuak Espainia "modernizazio berde, feminista eta anitz" batera eraman nahi du; Casadorenak, aldiz, "desberdintasuna areagotu eta aniztasuna ukatu" nahi du. "Etorkizunera begiratzen duena, eta bere iragan ilunenari begiratzen diona", azaldu du.

Idoia Mendiak Bilboko Harrobi plazan egin ditu adierazpenak, Euskadiko aurreneko elkarte sozialistaren 135. urteurrena ospatzeko ekitaldian.

Erabakiak hartzen ari diren gobernu bakoitzean sozialistak egiten ari diren lana azpimarratu du PSE-EEko buruzagiak. "Erabateko eraldaketa garai honetan eskerrak Espainiako Gobernuan gaudela", esan du.

Mendiaren hitzetan, Pedro Sanchez "pausoz pauso, eskubideak hedatuz, legeak eta proiektu eraldatzaileak aurrera ateraz, erronka ekonomiko handienaren aurrean ezkutu sozial handiena osatzen ari da".

"Zarataren eta lerro-buru handien atzean hori gertatzen ari da, aurrera egiten ari den Espainia"

"Europan Espainiari dagokion papera itzuli dio. Katalunia irtenbiderik gabeko egoeratik ateratzeko adostasun bidea zabaldu du. Zarataren eta lerro-buru handien atzean hori gertatzen ari da, aurrera egiten ari den Espainia, pentsioen sistema publikoa blindatzen ari da, emakumeak sinetsi eta defendatzen ditu, bizitza duin bat bermatzen du, eta bizitzaren azkena duina izatea ere", adierazi du.

Hauteskundeak duela urtebete egin izan ziren Euskadin. "Aurreko hamarkadetan lortutako guztia ez galtzeko indar gehiago eman zieten" herritarrek, nabarmendu duenez, "abertzaleak eta ez abertzaleak elkarbizitzeko".

"Toki partekatuari leku egin genion, literalki akabatu nahi zigutenen aurrean. Aniztasuna eta demokrazia irabazi genituelako, defendatzen ari ginena, hain zuzen ere", erantsi du.

Zentzu horretan, "ETAren ondorioz gurekin ez dauden guztiak", gogora ekarri ditu ordezkari sozialistak 135. urteurrenean.

Bestalde, orain "Espainian garai berri bat sendotzea" egokitu zaiela esan du Mendiak, "ezberdinen arteko akordioena", duela hamarkada bat Euskadin egin bezala.

Azkenik, 1886ko uztailaren 11an langile talde batek lonja batean PSOEren aurreneko elkarte sozialista sortu zuela gogorarazi du PSE-EEko buruzagiak.

Albisteak (3)