Aldaketak Espainiako Gobernuan
Espainiako hauteskundeak deitzeko eskatu dio Casadok Sanchezi: "Ontzia hondoratzen ari zaio"
Agentziak | EITB Media
Alderdi Popularreko presidentearen iritziz, Sanchezen birmoldaketa norbere gobernuari egindako "zentsura-mozio bat" da; "orain arte hartu dituen erabaki txar guztiei egindako osoko zuzenketa". Bestalde, nazionalismoari "denbora gutxi" geratzen zaiola ziurtatu du.
Pablo Casado PPko presidenteak "etxera joateko" eta Espainian hauteskundeak deitzeko eskatu dio Pedro Sanchezi, "ontzia hondoratzen" ari zaiola iritzita. Horrez gain, Espainiako Gobernuko presidentea "berekoia eta koldarra" dela esan du, eta Exekutiboa aldatuta, "PSOEn sarraskia" egin zuela gaineratu du. Casadoren arabera, jokabide horrekin, "ez dela pertsona zintzoa erakutsi du Sanchezek".
Alderdi Popularreko presidentearen iritziz, gainera, Sanchezen birmoldaketa norbere gobernuari egindako "zentsura-mozio bat" da; baita Espainiarentzat orain arte "hartu dituen erabaki txar guztiei egindako osoko zuzenketa" ere.
Casadok, Ermuan (Bizkaia) egin ditu adierazpen hauek, Miguel Angel Blancoren Eskolaren itxiera ekitaldian. Berarekin batera, Carlos Iturgaiz Euskadiko PPko presidentea eta Bea Fanjul PPko Belaunaldi Berrien presidentea izan dira, besteak beste.
Bere ustez, Espainiako Gobernua "hondoratzen ari den ontzi bat" da, eta Sanchez "zama botatzen saiatu da, Espainiarentzat lastarik handiena bera dela ohartu gabe". Kazetarien aurrean nabarmendu duenez, Sanchezek "17 ministro aldatu ditu bi urtetan, eta krisian dagoen presidente bat utzi du agintean".
Berarentzat, "politikan garrantzitsuena pertsona ona izatea da", baina Sanchezek kontrakoa erakutsi du; alegia, ez dela pertsona zintzoa. Ildo horretatik, herritarrak "engainatzeaz gain", "harroputza" da eta "ez daki gaur egun bizi dugun egoera kudeatzen". Gainera, berak agindutakoa bete zuten gertuko pertsonak kaleratu dituela salatu du.
Hala, atzo iragarritako eraldaketa sakonarekin, Sanchezek "PSOEn sarraskia" egin duela uste du Casadok. Erabaki horrekin, "nartzisismo patologikoa" erakutsi du, "pertsona berekoia eta koldarra baita".
"Txotxongiloak aldatu ditugu, baina Rufian, Torra, Aragones eta EH Bildu dira horien mugimenduak kontrolatzen jarraitzen dituztenak. Europako Gobernurik erradikalena da; Espainian inoiz eratu den Gobernurik erradikalena", esan du Casadok. Gainera, herritarrek "egonkortasuna" nahi dutela eta Sanchezen gobernuak "ezegonkortasuna, xahutasuna eta erradikaltasuna" ematen dituela azpimarratu du.
Horrez gain, Unidas Podemoseko ministroak karguan utziz, Sanchezek Espainiako Gobernuaren "erradikaltasunari" eutsi diola salatu du, eta, beraz, agerian geratu da "ez dela gobernu bateratu bat, gobernu konfederal bat baizik; bi gobernu dira batean".
Nazionalismoari "denbora gutxi geratzen zaio"
Bestalde, Casadok uste du nazionalismoari "denbora gutxi" geratzen zaiola, eta "eskatzeko ezer gutxi" duela; izan ere, gaur egungo mundu globalizatuan "ez du izateko arrazoirik" eta "agortzen" ari da.
Casadok adierazi duenez, PPk "bakean eta askatasunean bizi behar dela" defendatzen du, eta bere proiektu politikoa ez du bereizketan oinarritu nahi. Bere hitzaldian, PPren proiektuak Euskadin "etorkizun handia" duela ziurtatu du, eta popularrak "erradikalak" direla diotenei erantzun die.
"Globalizazio betean, mundu global honetan, nazionalismoak ez du izateko arrazoirik, eta, azkenean, aldarrikatzeko eta eskatzeko gauzak amitzen zaizkionean, zentzua galtzen du. Alderdi eskuindarra edo ezkertiarra bihurtzen da orduan, eta, horregatik, nazionalismoak populismo bihurtzen dira beste herrialde batzuetan".