Auzitegi Nazionala
Hasi da 13/13 sumarioko epaiketa: zortzi akusatu, ETAren "fronte juridikoa" osatzeagatik
EiTB Media
Akusatuen abokatuek prozesua "baliogabe" uzteko hainbat arrazoi azaldu dituzte: "Abokatuen bulegoen miaketan irregulartasunak, CNIk legez kanpo egindako entzuketak, tortura eta tratu txar zantzuak, eta auzi berdinagatik bi aldiz epaitua ez izateko oinarrizko eskubidearen urraketa".
Hasi da 13/13 sumarioko epaiketa Madrilen "Halboka, ETAren fronte juridikoa", osatzea egotzita zortzi pertsona epaituko ditu Auzitegi Nazionalak gaurtik aurrera, nahiz erakunde armatua duela 10 urte desagertu.
Zortzi akusatuei ETAko kide izatea edota erakunde armatuari laguntzea egotzi die Fiskaltzak, eta guztira, 86 urteko kartzela zigorra eskatu du.
Arantza Zulueta abokatuari 19 urteko espetxe zigorra ezartzea eskatu du fiskalak. Dagoeneko 2019an zigortu zuten, "kartzeletako frontearen organo koordinatzailearen arduraduna izatea" leporatuta.
Zuluetarekin batera, auzipetu nagusia Jon Enparantza abokatua da. Enparantzari 12 urteko kartzela zigorra ezartzea eskatu du Fiskaltzak, sareko kide zein buruzagi izatea egotzita.
2019an biak elkarrekin epaitu zituen Auzitegi Nazionalak, KT organoko arduradunak izatea egotzita. Orduan Fiskaltzarekin eta Terrorismoaren Biktimen Elkartearekin akordio batera heldu ziren. Fiskaltzak 14 urteko espetxe zigorra eskatu zuen orduan.
Hiru urte eta erdiko eta bi urte eta zazpi hilabeteko zigorra ezarri zieten, hurrenez hurren, presoen kohesioa mantentzeko egindako lana aitortzearen truke. Behin-behineko espetxealdian eman zuten denbora kendu, eta espetxeratu zituzten, adostutako zigorra betetzeko falta zitzaizkien hilabeteak kartzelan emateko. 2014an atxilotu zituzten Jaque operazioan.
Naia Zurriarain, Julen Zelarain, Iker Sarriegi, Saioa Agirre, Juan Mari Jauregi eta Nerea Redondorentzako, Halbokako kide izatea leporatzen zaien beste sei akusatuentzako, 7 eta 11 urte arteko espetxe-zigorrak eskatzen ditu Fiskaltzak, erakunde terroristako kide izatea edo lankidetza delitua egotzita.
"Garaiz eta tokiz kanpoko epaiketa"
13/13 sumarioaren aurka ehunka pertsona atera ziren kalera larunbatean manifestazioan, Bilbon eta Donostian.
Iragan maiatzean, akusatuen abokatuek, Jone Goirizelaia buru, prozesua "baliogabe" uzteko hainbat arrazoi azaldu zituzten prentsaurrekoan. "Abokatuen bulegoen miaketan irregulartasunak, CNIk legez kanpo egindako entzuketak, tortura eta tratu txar zantzuak, eta auzi berdinagatik bi aldiz epaitua ez izateko oinarrizko eskubidearen urraketa", zerrendatu zituzten.
Alfonso Zenon abokatuaren ahotan, sumarioa zabaldu zenean, bultzatzaileek "dagoeneko bazekiten 2010ean ezker abertzalea zertan ari zen: konfrontazio armaturik gabeko agertokia prestatzen, eta bakearen etsaiek bazekiten astelehenetik aurrera epaitu behar dituzten zortzi pertsona horiek ETAko presoak testuinguru berrira egokitzeko lanean ari zirela, eragile aktiboak zirela".
Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkideak azpimarratu duenez, epaiketa "sumario politiko baten parte da, 25 urte geroago, 'dena da ETA' teoria xelebrea ardatz duena; ETAk bere amaiera iragarri eta 10 urte geroago akusazioa oso larriak aurkeztu dituzte berriro".
Arzuagaren hitzetan, "espetxeak militante politikoz husteko unea da, ez berriro betetzeko, horregatik epaiketa salatzeko eta auzipetuei elkartasun politikoa eta humanoa adierazteko gaude hemen".
Iragan maiatzean, Julen Zelarainek nabarmendu zuenez dagoeneko 11 urte igaro dira Guardia Zibilak beraien aurkako polizia-operazioa burutu zuenetik eta gogora ekarri zuen torturak eta tratu txarrak jasan zituztela.
Horrez gain, esan zuen epaiketa hau ez litzatekeela inoiz egin beharko, auzipetu gehienak beste auzi batzuetan delitu berdina egotzita epaituak izan direlako eta ezarritako zigorrak bete zituztelako. Era berean, ETAk borroka armatua amaitutzat eman zuenetik 10 urte pasatu direnean horrelako epaiketa bat egitea "onartezina" dela adierazi zuen.
Bestalde, Nerea Redondok eta Saio Agirrek irakurri zuten adierazpenean, gogora ekarri zuten atxiloketak ezker abertzalea "konfrontazio armaturik gabeko agertoki berri bat eraikitzeko" lanean ari zenean gertatu zirela eta, beraz, polizia-operazio hark estrategia aldaketa zapuztea bilatzen zuela. "Gure ekarpena kolektiboko presoei agertoki politiko berrira egokitzeko laguntza ematea zen, agente aktibo bilakatu zitezen", erantsi zuten.
"Atxiloketa haiek helburu horiek zapuzteko egin ziren, CNIren parte-hartzearekin, babes juridikorik gabe eta frogak manipulatuta", salatu zuten.
Gauzak horrela, Auzitegi Nazionalak "iraganeko salbuespeneko tresna" izaten jarraitzen duela kritikatu zuten, "epaiketa hau garaiz eta tokiz kanpo" dagoela azpimarratuta.