KORONABIRUSA
Urkulluk gutunez eskatu dio Sanchezi maskara nahitaezko izatea eta erkidegoei tresna legalak ematea
o.p. | eitb media
Zupiriaren arabera, lehendakariak Pedro Sanchezi "formalki, eta benetako kogobernantza eraginkor baten izenean" eskatu dio har ditzala, lehenbailehen, autonomiek neurriak aplikatu ahal izateko segurtasun juridiko "nahikoa" emateko beharrezko neurriak.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Iñigo Urkullu lehendakariak gutunez eskatu dio Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteari, molda dezala maskararen erabilerarako dekretua, asteazken honetan Diputatuen Kongresuan onartu aurretik. Maskararen erabilera derrigorrezkoa izatea ezar dezala eskatu dio. Gainera, eskatu dio, "premiaz", ahal dela, aste honetan bertan, autonomia erkidegoei gaueko mugikortasuna eta taldean bildu daitezkeen pertsonen kopurua mugatu ahal izateko "segurtasun juridikoa" emateko.
Hala jakinarazi du Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak astearte honetan komunikabideen aurrean egindako agerraldian, Gasteizen, Gobernu Kontseiluaren asteroko bileraren ostean.
Bilera amaituta, lehendakariak berak jakinarazi die bere sailburuei joan den astelehenean gutun bat bidali ziola Sanchezi, ekainaren 24ko Errege Dekretuak, maskaren erabilera malgutzearekin "izan dituen ondorioengatik" kezka helarazteko; izan ere, "kasu askotan" erabiltzeari utzi zaio, nahiz eta Espainiako Gobernuak onartu zuen testuaren "helburua ez zen hori".
Asteazken honetan Diputatuen Kongresuan egingo den ezohiko osoko bilkuran dekretua berretsiko dela ikusita, Espainiako Gobernuko presidenteari proposatu dio dekretua aldatzeko, baliozkotu baino lehen, "maskara kasu guztietan erabiltzea betebeharra izan behar dela argi eta garbi berretsi ahal izateko". Horrela, planteatzen du, herritarrak musukoa erabiltzetik salbuetsia egotea "jenderik biltzen ez den natur-guneetan" dabilenean soilik.
Gainera, Zupiriak azaldu duenez, lehendakariak Pedro Sanchezi "formalki, eta benetako kogobernantza eraginkor baten izenean" eskatu dio, "lehenbailehen" har ditzala, aste honetan bertan, autonomia erkidegoei berehala neurriak aplikatu ahal izateko segurtasun juridiko "nahikoa" emango dizkien neurriak. Jaurlaritzaren bozeramaileak azaldu duenez, "Urkulluk ez du 'alarma egoera' esamoldea erabiltzen, ezta 'etxeratze agindua' ere".
Horrela, autonomia erkidegoek gaueko mugikortasuna eta "hainbat egoeratan" elkartu daitezkeen pertsonen kopurua mugatu ahal izatea eskatzen du lehendakariak.
Beharrezkoa dena "araua betearaztea" da
Iñigo Urkullu lehendakariak Gobernuko presidenteari bidalitako gutunari buruz galdetuta, Isabel Rodriguez Espainiako Gobernuko bozeramaileak Ministroen Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan gogora ekarri duenez, maskara erabiltzea derrigorrezkoa izaten jarraitzen du egoera guztietan, kanpoan izan ezik, metro eta erdiko segurtasun-tartea dagoenean. Arau hori betearazteko eskatu du, izan ere, oro har, betetzen ari bada ere, Exekutiboak uste du "esparru batzuetan" ez dela betetzen.
Hori dela eta, bere uste ez da beharrezkoa onartu berri den legea aldatzea, hemen gakoa "lege-haustea baita, eta, beraz, araua betearazi behar da".