Itxi

Memoria historikoa

Memoria Demokratikoaren Legea onartu du Espainiako Gobernuak

Agentziak | EITB Media

Leer en Castellano

Primo de Riveraren gorpuzkiak Erorien Haranetik aterako dituzte eta Francok emandako tituluak kenduko dituzte. Eusko Jaurlaritzak Sekretu Ofizialen Legea erreformatzea eskatu du eta elkarteek ohartarazi dute frankismoko krimenak ez direla ikertuko.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Memoria Demokratikoaren Legea onartu du gaur Espainiako Ministroen Kontseiluak, 36ko gerraren eta diktaduraren biktimak Gobernuaren "ekintza politikoaren" ardatz dituen arau berria. Felix Bolaños Presidentzia ministroaren arabera, horren bitartez, Espainiako legedia Europako gainerako herrialdeetakoarekin berdinduko da.

Bileraren osteko prentsaurrekoan, Bolañosek azpimarratu du 2007ko Memoria Historikoaren Legearen oinordekoa den arau berri horrek nazioarteko erakundeek memoria historikoaren arloan aldarrikatzen dituzten lau oinarri nagusiak betetzen dituela: egia, justizia, ordaina eta memoriaren betebeharra.

Horretarako, joan den irailaren 15ean Exekutiboaren oniritzia zuen aurreproiektuan jasotako askotariko neurriak hartu ditu bere baitan. Hala ere, azpimarratu duenez, horiek "hobetu" egin dituzte, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren, Kontseilu Fiskalaren eta mugimendu memorialistaren iradokizunak jaso ostean.

Ministroak neurri adierazgarrienak aipatu ditu, besteak beste: desagertutakoen gorpuzkiak berreskuratzeko lanak bere gain hartu behar izatea Estatuak, Erorien Haraneko Gurutze Santuaren Fundazioa desagertzea leku horren esanahia egokitzeko eta Auzitegi Gorenean frankismoaren krimenak ikertzeko fiskaltza bat sortzea.

Sekretu Ofizialen Legea erreformatzea eskatu du Eusko Jaurlaritzak

Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politikako sailburuak positibotzat jo du Memoria Historiakoaren Legea aldatu izana, baina memoria historikoa eraikitzeko ezinbestekotzat jo du Sekretu Ofizialen Legea erreformatzea.

"Memoria Historikoaren Legea aldatu izana ona da, baina benetako aldaketa Sekretu Ofizialen Legearen erreformarekin etorriko da", azpimarratu du.

"Euskadin lan asko egin dugu memoria historikoaren bidean. Eta Espainiako estatuan lana asko dute egiteko", erantsi du.

"Mendeku nahirik gabe, konfrontaziorik gabe eta bandoen edo lubakien politikak berpiztu gabe; baina argi utzita ahaztea eta orrialdea pasatzea ez dela aukera bat", nabarmendu du Artolazabalek.

Amnistia Legea indargabetu ez izana kritikatu dute plataformek

Bestalde, Josu Ibargutxi Frankismoko Krimenen aurkako Euskal Plataformako bozeramaileak esan du dezepzionatuta geratu direla Memoria Historikoaren lege berriarekin, Amnistiaren Legea bere horretan uzten dutelako eta, beraz, "diktadura frankistak 40 urtez izan zuen inpunitateari jarraipena ematen zaiolako".

Frankismoko krimenak ikertzeko Argentinako kereila bultzatu zuten Estatuko elkarteekin batera hainbat alegazio aurkeztu zituztela eta "gutxi batzuk" soilik hartu dituztela kontuan deitoratu du.

Edonola ere, Jose Luis Rodriguez Zapateroren agintaldian egindako legea baino hobea dela onartu du, "hura oso pobrea izan zelako" eta Mariano Rajoyren gobernuek "bazterrean utzi zutelako".

Hala ere, Amnistia Legea erreformatu ez izana eta justizia egiteko aukeraz gutxi hitz egiten dela deitoratu du; izan ere, Fiskaltza berezi bat sortzea aurreikusten badu ere, "epaileen esku egongo da auziak artxibatzea eta orain arte horrela egin dute, gertakariak preskribatuta daudela argudiatuta, gizateriaren aurkako krimenak inoiz preskribatzen ez badira ere", azaldu du.

Ildo horretan, Ibargutxik adierazi du 1977ko Amnistia Legea "ahanzturarako ituna" izan zela. "Proiektu berri horrek ez du bermatzen biktimek justiziarako aukera izatea, epaileek demandak atzera botatzen dituztelako", berretsi du.  

 

 

Albisteak (2)

Bideoak (1)