Itxi

Ebazpena

Arabako Auzitegiak baliogabetzat jo du Eba Blanco EAko idazkari nagusiaren izendapena

Agentziak | EITB Media

Leer en Castellano

Sektore kritikoak azpimarratu du Maiorga Ramirezen hautagaitza "modu irregularrean" baztertu zutela. Zuzendaritzak, berriz, Eba Blancok jarduneko zuzendari nagusi izaten jarraituko duela ziurtatu du.

Eba Blanco. Argazkia: EFE.

Arabako Auzitegiak Eba Blanco EA alderdiko idazkari nagusiaren izendapena baliogabetzat jo du. Halaber, Maiorga Ramirez kritikoen hautagaiaren eskubideak urratu zituztela uste du, sektore horretako iturriek agiri batean azaldu dutenez.

Auzitegiaren ebazpenaren arabera, Eusko Alkartasunak "ez zuen alderdiaren funtzionamendu demokratikoaren eskakizuna errespetatu, Ramirezen hautagaitzari kalte eginez". Horrez gain , ez zuen errespetatu "aniztasun ideologikoa bere erakundearen bihotzean".

Idazki judizialaren arabera, bestalde, "alderdiaren egituran hobekien finkatuta dauden aurrehautagaitzek abalak jaso ahal izateko abantaila dute, helburu bera duten baina indar gutxiago duten hautesle-erroldaren kontsulta behar dutenen aurretik".

Ildo berean, epailearen erabakiaren arabera, Eba Blanco hautagai bakarra izateak agerian uzten du abalak jasotzeak zaildu egiten zuela gainerako hautagaiek baldintza hori betetzea. Horrenbestez, "arauzko fasea ireki haurretik prozedura hori abiarazten bazen bakarrik bete zitekeen baldintza".

Auzitegiak azaldu duenez, EAren ezohiko funtzionamendu baten ondorioz, alderdiak barne araudia "maila guztietan, estatutuan eta araudian" ez betetzea erabaki du.

Sektore kritikoak argitaratutako agirian azpimarratzen da Eako Idazkaritza Nagusirako Maiorga Ramirezen hautagaitza "modu irregularrean" baztertu zela "400 abal izan harren" (horien artean Carlos Garaikoetxea lehendakari ohiarena), "Eba Blancok zituen 55 abalen aurrean".

Sektore horrek iragarri duenez, datozen orduetan agerraldi publiko bat egingo du epai horren inguruan "sakonago" hausnartzeko. Ramirezen ustez, "albiste ona da barne demokraziarentzat eta afiliatuen eskubideentzat".

Eba Blancok jarduneko idazkari nagusi izaten segituko du

Bestalde, Eusko Alkartasuneko zuzendaritzak adierazi du ebazpen judizialak bere kudeaketa babesten duela eta azpimarratu du Eba Blancok idazkari nagusi izaten jarraituko duela, zuzendaritza berri bat aukeratu bitartean, epaimahaiak atzera bota duelako sektore kritikoak Blancoren izendapena baliogabetzeko egin zuen eskaria.  

Zuzendaritzak egindako irakurketaren arabera, Datu Basearen kudeaketari dagokionez, alderdiak zuzen jardun zuela dio epaiak; eta Berme Batzordeari dagokionez, "irregulartasunez aritu zela berretsi du".

Horrez gain, Asanblada Nazionalak primariotarako onartu zuen araudia egokitu beharra dagoela ebatzi du, lurralde bakoitzeko bost abal aurkezteko baldintza alderdiaren antolakuntzaren araudirekin bat ez datorrela argudiatuta.

EAko zuzendaritzak  aitortu du araudiak eguneratu egin behar direla, baina erantsi du neurri horrek ez duela eraginik, zuzendaritza berria aukeratzeko prozesuaren atarikoa martxan dagoelako jada.  

Azkenik, zuzendaritzak nabarmendu du Lopez de Aberasturiren, Goenagaren eta Aranoaren eskubideak urratu ez zirela ebatzi dutela epaileek, "afiliatuen zentsua eskuratzeko eskumenik ez dutela iritzita".

 

 

Albisteak (4)