PRESIDENTEEN BILTZARRA
Mendiak Urkulluri eskatu dio joan dadila erkidegoetako presidenteen biltzarrera
o.P. | EITB MEDIA
PSE-EEko idazkari nagusiaren ustez, konferentzian defenda daitezke hobekien herritarren interesak, "baita eskumenen inguruko desadostasunak erakutsi ere". Europako funtsen inguruan eztabaidatuko dute foroan.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusi eta Eusko Legebiltzarreko bigarren lehendakariordeak Iñigo Urkullu lehendakariari eskatu dio datorren ostiralean Salamancan egingo den Presidenteen Konferentzian parte har dezan, euskal herritarren interesak defendatzeko. Goi-bileran Europako Funtsei buruz hitz egingo da eta Mendiak, iradoki dio, foroan aurkez ditzala, egoki ikusten badu, Pedro Sanchezen Gobernuarekin izan ditzakeen desadostasunak.
Salvador Illa Kataluniako Parlamentuko Talde Sozialistako presidentearekin eta PSCko Antolakuntza idazkariarekin bildu ostean Bilbon komunikabideen aurrean egin duen agerraldian, Mendiak nabarmendu du autonomia erkidegoetako presidenteei zuzendutako bilera izaten dela. Horregatik, espero du
Hori dela eta, Lehendakaria Presidenteen Konferentzian egotea espero duela esan du, "euskal herritarren interesak bertan defenda daitezkeelako egokien; baita, Pedro Sanchezen Gobernuarekin eskumenen gaian edo bi gobernuen arteko harremanen inguruan izan ditzakeen desadostasunak adierazi ere".
Funts europarrak
Gainera, bilera horretan "Euskadiren etorkizunerako garrantzitsuak diren gaiak" eztabaidatuko dituztela gogorarazi du, hala nola, Europako Funtsak. "Beraz, oso interesgarria iruditzen zait Lehendakaria datorren ostiralean Konferentzia horretara joatea", gaineratu du.
Ildo horretan, Illarekin batera esan du "aldebiko harremanek ez dituztela alde anitzekoak oztopatzen". Mendiaren arabera, "azken hilabete hauetan, bi urte hauetan, gobernantzak eta maila anitzeko gobernantzak herritar guztientzat eta gobernu autonomikoentzat mesedegarri direla ikasi dugu".
Iaz, Urkullu lehendakariak azken unean erabaki zuen erkidegoetako presidenteen hitzordura joatea, Kontzertuaren Batzorde Mistoa deitu arte uko egin ostean.